Muruetak ezin izan du jokatu Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa
Taldekide baten COVID-19aren positiboagatik konfinatuta daude, eta Bizkaiko Txapelketa ere ezin izango dute lehiatu.
Busturialdeko hainbat udalerrietako sokatiralariak batzen dituen Murueta Sokatira Taldeak agur esan dio denboraldiari, halabeharrez.
Taldekide baten COVID-19aren positiboagatik konfinatuta daude, eta 2021eko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa lehiatu barik geratu dira, eta domeka honetan Laukizen lehiatuko duten Bizkaiko Txapelketan ere ezin izango dute parte hartu.
Hain zuzen, Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa aurreko asteburuan hasi zuten, Getxoko Faduran. Muruetakoek bi kategoriatan (680 kilokoan eta 640 kilokoan) izena eman zuten aurtengo txapelketarako, eta biak asteburuan lehiatzekoak ziren.
Hortaz, denboraldia amaitutzat eman dute, eta irailean bueltatuko dira. Orduan, entrenatzen hasiko dira, “betiko Murueta izatera heltzeko” lan egiteko: “Zoritxarrez, urtea joan egin zaigu. Ez dugu entrenatzen segituko. Taldekide batek positibo eman du, eta denok etxean gaude konfinatuta. Kasualitatea izan da, baina txapelketa biak galduko ditugu. Kolpe gogorra izan da guretzat, jarrera positiboa eduki baitugu. Gainera, Beñat Urzuriaga 17 urteko gazteak debutatzea gura izan dugu; profesional mailan parte hartzea zer den dastatzea gura genuen. Ea hurrengo denboraldirako egoera hobetzen den, denon onerako”, azaldu dute.
Asteburuko emaitzak. Euskadiko Goma Gaineko Txapelketan bi jardunaldi lehiatu dituzte asteburuan. Zapatuan, emakumezkoen 540 kiloko kategorian Beti-Gazte nafarra izan zen onena, eta Ibarra talde gipuzkoarra eta Badaiotz talde arabarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Ibarra eta Badaiotzen artean 2. eta 3. postuetarako berdinketa hausteko azken tiraldia egin behar izan zuten, eta Ibarra nagusitu zen.
Gizonezkoen 680 kilokoan ere Beti-Gazte nagusitu zen, eta beste talderik ez zegoenez, lehia horretan ere Ibarra geratu zen bigarren.
Domekan, berriz, gizonezkoen taldeak bakarrik aritu ziren. 640 kilokotan hiru talderen artean erabaki zen txapela. Ezustekorik barik, Beti Gazte geratu zen txapeldun, eta Ibarra eta Txantrea sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan.
Zapatu honetan (martxoak 13) 500 kilotan ariko dira emakumezkoak. Martxoaren 20an, berriz, gizonezkoen 600 kiloko kategoria erabakiko da.
Martxoko azken asteburuan amaituko dute aurtengo txapelketa. Martxoak 27an 580 kilotan ariko dira talde mistoak, eta martxoaren 28an, ostera, gizonezkoen 560 kiloko txanda izango da.