Roso Buch: "Hazten segitu, eta sentsazioak eta sasoia berreskutatu behar ditugu"
Lointekek Valentziaren kontra 57-46 galdu du Erregina Koparen finalerdia. Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak jokalariek egindako esfortsua nabarmendu du. Aste honetan ligako bi partidu jokatuko ditu Gernika-Lumoko taldeak.
COVIDak eragindako zailtasunak gorabehera, Erregina Kopan aurpegia eman du Lointek Gernika Bizkaiak. Bariku arratsaldean Ciudad de la Laguna Teneriferi 79-56 irabazira, finalerdietan sartu zen. Zapatuan, baina, ezin izan zuen Valentzia Basket gainditu. 57-46 galdu zuen finalaurrekoa. Spar Gironak irabazi du kopa, Valentzia 72-62 mendean hartuta.
Jokalariek egindako esfortsuagatik “oso harro eta pozik” dago Mario Lopez entrenatzaile gernikarra; fisikoki mugatuta egon badira ere, batez ere defentsan lan handia egin dutela azpimarratu du.
Roso Buch jokalari katalanak adierazi du Valentzia talde oso fisikoa dela, eta aurre egiteko esfortsu handia egin zuten arren, ezin izan zutela aurkariaren mailan jokatu: “Buruz buru jokatzen saiatu gara hasieratik. Indarra falta zaizunean, asmatzea kostatzen zaizu, ez zaude eroso, baloia mugitzeko zailasunak dituzu… Konplikatua izan da. Talde moduan esfortsu oso handia egin dugu, eta orain datorrenean pentsatu behar dugu. Badakigu sasoi hobean ailegatu izan bagina, beste modu batera aurre egingo geniola Valentziari. Behintzat ahalegindu gara. Argi dago eurek garaipena merezi izan dutela, talde handia dira. Jokalariok %100 egotetik urrun gaude, baina egia da talde honek bihotzetik asko ipintzen duela. Talde moduan hazten segitu eta sentsazioak eta sasoia berreskutatu behar ditugu”.
Lopezek ere zehaztu du fisikoki Valentziaren maila baino baxuago egoteak emaitza erabat baldintzatu zuela. Etxeko taldeak ezarritako erritmoa segitzea ezinezkoa izan zen talde gernikarrarentzat: “Jaurtiketen portzentai txarrekin hasi dugu partidua, eta baloiaren zirkulazio eskasagaz. Defentsan ez gara txarto egon, baina lehen laurdenaren bederatzi puntuko aldeak baldintzatu gaitu, eta handik aurrera korrontearen kontra arraun egitea tokatu zaigu. Bigarren laurdenean errekuperatu egin gara, baina, hirugarrenaren hasieran berriro ere euren gaitasun fisikoak baldintzatu du gure jokoa. Pase-lerroetan estu hartu gaituzte, baloia mugitzeko arazoak eduki ditugu”.
Ligako bi partidu. Aste honetan ligako bi partidu ditu talde gernikarrak. Bihar Araskiren kontrako derbia Malosten (19:00), eta barikuan, Spar Gran Canariaren kontrakoa etxetik kanpo.
Datorren astean, gainera, Eurokoparen hitzordua daukate, Errumanian. ACS Sepsi-SIC taldearen kontra jokatuko du.
Lointeken entrenatzailearen berbetan, kopan egindako esfortsutik errekuperatzen saiatuko dira, eta aurretik dituzte partiduetan ahalik eta gehien lehiatzen ahaleginduko direla gaineratu du: “Entrenamenduetan taktikoki landu behar duguna lantzea da garrantzitsuena. Goian estu hartzen gaituzten taldeen kontra jokatzen dugunetan, arazoak izaten ditugu, eta hori hobetu behar dugu”.
Ligaren azken txanpan daude, eta titulua lortzeko kanporaketetarako garaipena lortzeko gai direnaren konfiantzagaz joan direla dio Buchek: “Talde oso onak dira, jokalari askokoak, eta partidu ia perfektuak jokatu behar dira irabazteko. Gure taldeak gaitasuna dauka horretarako. Play off-ak heltzean seguru nago sasoi onean egongo garela, eta eurei irabazteko prest egongo garela”.