Loreak Matxitxakoko Gudako itsas gudarien omenez
Aurten, bide berriko begiratokitik gogoratu dituzte itsas gudariak. Itsas Gudari horiek herriagatik bizia eman zutela gogora ekarri dute.
Beste urte batez, 1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omentzeko batu dira Eusko Alkartasunakoak. Urtero egin legez, lore eskaintza egin zuten itsasoan zein lurrean. Aurten, baina, ezin izan dira Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean batu. Jakitera eman dutenez, Bermeoko Udalak ez du baimenik eman, “Bizkaiko Foru Aldundiak diolako lurrak etengabe mugitzen ari direla”.
Aurten, hortaz, bide berriko begiratokitik gogoratu dituzte itsas gudariak. Gogorarazi dutenez, Galdames ontzia babesten Baionatik Bilbora zetozen Bou Gipuzkoa, Bou Bizkaia eta Bou Nabarra Canarias ontziagaz topo egin eta Nabarra hondoratu zuen. Bertan zihoazen 52 gizonetatik 18 bizirik atera ziren. Itsas Gudari horiek herriagatik bizia eman zutela gogoratu zuten atzoko ekitaldian. “Gaur, beste era batera, gure herriaren alde lan egitea tokatzen zaigu. Berba baino ez dugu erabili behar gure izaera aldarrikatzeko. Inoiz baino gehiago daukagu gure Euskal Herriaren alde lan egiteko”, esan zuen Bermeoko EH Bilduko zinegotzi Asier Larraurik.
Idurre Bideguren EH Bilduren senatari bermeotarrak ere hitza hartu zuen: “Pandemia dela eta, urte berezia da aurtengoa, baina berriro ere konturatu gara ze beharrezkoa den esfortzu eta sakrifizio pertsonala egitea onura kolektiboa lortzeko”.
Frankismoa ekarri zuen gogora Bidegurenek, “gure herrian utzitako sufrimendu handia” aipatuta: “Sufrimendu handia utzi du ez bakarrik diktadurak egindako minagatik, baizik eta estatu demokratiko baterako trantsizioa oraindik ez delako burutu. Frankismoa oraindik ere bizirik dago estatuaren egituretan txertatuta. Frankistek gauza asko ukatu eta kendu dizkigute, baina ezin izan dute askatasun egarriagaz, gure herria maite dugulako eta gure herriarentzako onena gura dugulako”.
“Autoritarismoaren, birzentralizazioaren eta faxismoaren” aurkako borrokari “tinko eutsi” beharra dagoela esan zuen Bidegurenek; “gure eskubideak, gure kultura, gure hizkuntza eta gure adierazpen askatasuna jokoan baitaude, inoiz baino gehiago”.