Berdintasuna aldarrikatu dute kontserberetako langileek
Salican batu dira Bermeoko kontserba enpresetako ordezkari sindikaletako kideak. Egiten duten lana "garrantzitsua" bada ere, "gutxi baloratua" dela salatu dute.
Bermeoko kontserba enpresetako emakumeak ere kalera atera dira gaur; ordezkari sindikaletako kideak batu dira Salica kontserberaren aurrean, hain zuzen ere.
Berdintasuna aldarrikatu dute, kontserba industriak “oraindik ere sektore feminizatua izaten jarraitzen duelako eta gutxi baloratua, gainera”. Diotenez, euren lana da gutxi baloratua dagoena, lan “garrantzitsua” egiten badute ere, mileuristak izaten jarraitzen dutelako: “Urteetako lanaren ondorioak pairatzen ditugu, baina ez dizkigute gaixotasun profesional modura onartzen; kategorietako promozioak ez dizkigute ematen; eta ez daukagu lanpostu finko baten segurtasuna, enpresa askok langileen txandaketekin jolasten baitute. Gainera, enpresa batzuek langileak zigortzen dituzte dauzkagun eskubide gutxiak defendatzeko sindikaturen baten ordezkari izan gura badute”.
Salatu dute euren produktuen publizitatea “oso ikusgarria” dela, baina “gutxi hitz egiten dela” produktu horien atzean dagoen lanaz: “Lan hori nortzuk egiten duten ez dute aipatzen. Emakume indartsuak, ausartak, borrokalariak… pandemia garaian, ikaraz, euren lanpostuetara jo duten emakumeak, inolako eskertzarik barik”.
“Manifestazioak egiteko unea ez dela” dioten ahotsei erantzunez, kontserberetako langileek zera aipatu dute: “Batzuentzat beti egongo dira arrazoiak martxoaren 8ko manifestazioak ekiditeko, baina borroka hori galduta daukatela jakin behar dute. Emakumeok agintea hartu dugu, eta ez dugu etsiko”.