Gaueko farmazia zerbitzua mantentzeko sinadurak batuko dituzte
Bermeoko EH Bildu eta Guzan ariko dira bihar eta zapatuan sinadurak batzen. Udal azokan eta Goiko Plazan egongo dira bihar, 11:00etatik 13:00etara, eta zapatuan, berriz, Lameran eta Lamera txikin, 12:00etatik 14:00etara.
Herritar talde batek egindako eskaerari erantzuna emanez, Bermeoko farmazietan gaueko zerbitzua egon dadin eskatzeko sinadurak batuko dituzte Bermeoko EH Bilduk eta Guzanek.
Jakitera eman dutenez, bihar eta zapatuan egongo dira sinadurak batzen. Bihar, udal azokan eta Goiko Plazan egongo dira 11:00etatik 13:00etara, eta zapatuan, Lameran eta Lamera Txikin batuko dituzte sinadurak, 12:00etatik 14:00etara.
EH Bilduk gogorarazi duenez, orain dela gutxi jakin izan da herriko farmaziak zarratuta egongo direla 00:00etatik 07:00etara. Erabaki hori bermeotarrentzat “oso kaltegarria” dela diote: “Gauez osasun arazoren bat izatekotan, Gernika-Lumora joan behar dugu, bertan baitago 24 orduko guardiako farmazia zerbitzua”. Modu horretan, EH Bilduren ustez, “ez da botikak eskuratzeko legeak dioena betetzen”. Era berean, guardiako farmaziak poblazio moduluak kontuan hartuta jartzea defendatzen dute.
Gogora ekarri dute EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta osoko bilkuran aho batez onartu zena. Orain, pauso bat gehiago eman gura dute, “herritarrek eskatu dutelako”. Horregatik hartu dute sinadurak batzeko erabakia. Hala, herritar guztiak animatu dituzte sinatzera; “guztion artean bermeotarrontzat ezinbestekoa den zerbitzu hau mntentzeko, gure osasunaren alde, guztiok elkarlanean”.