Emakumeek miseria-pentsioekin biziraun behar dutela gogoratu dute
Pentsiodunen mugimenduak ere bat egin du emakumeen eskubideen aldarrikapenarekin; Gernika-Lumoko Foru plazan bilduta, guztiontzat duinak, bidezkoak eta nahikoak diren pentsioak eskatu dituzte, berriro.
Martxoaren 8an emakumeen eta emakume pentsiodunen aldarrikapenak berretsi ditu Busturialdeko Pentsiodunen mugimenduak. Denentzat duinak, bidezkoak eta nahikoak diren pentsioak eskatu dituzte, pentsio publikoen sistemaren alde eginez.
Emakumeek bizi duten egoera gogorarazi dute, eta nabarmendu dute milaka emakumek “miseria pentsioekin” biziraun behar dutela, eta baita ere adineko emakumeek zein pentsiodunak direnek laneko diskriminazioaren, prekarietatearen, zainketen feminizazioaren eta bizitzari eusteko zereginen ondorioak pairatzen dituztela oraindik orain. Gainera, zeregin horiek ez dizkiete aitortzen, eta pentsio duina jasotzeko eskubiderik ez dutenez, bizitza duina lortzeko eskubiderik ere ez dutela azpimarratu dute.
Horregatik, emakumeek soldatetan eta pentsioetan pairatzen duten genero-arrakalarekin amaitzearen beharra azpimarratu dute. “Pairatzen ari garen osasun pandemiak areagotu egin ditu desberdintasun horiek”, diote. Gainera, osasun eta mendekotasun zerbitzuen murrizketek eta pentsio urriek areagotu egin dituzte emakumeen arreta-lanak, “emakumeen aitortu gabeko lanaren kontura, gure osasuna eta bizi-baldintzak kaltetuz”.
Politika zehatzak. Indarrean dagoen lan eta pentsio erreformei “mehatxu” berriak gehitu zaizkiela salatu dute emakume pentsiodunek, eta Toledoko Itunaren zehazgabetasunen eta gomendioen babesean pentsioen erreforma gauzatuko delaren beldur dira, “saihestu ezean”.
Beraien eskubide sozioekonomikoak bermatzeko eskari zehatzak dituzte pentsiodunek, lan-denbora murrizteko eta banatzeko politikak gauzatzeko, besteak beste. “Lana eta bizitza soziala uztartzeko eta erantzukidetasun eragikorra izateko politika feministak” behar direla diote; “genero-ikuspegia duten enplegu-politikak eta etxeko langileen gizarte-segurantzako araubidea arautegi orokorrarekin erabat parekatzea”, hain zuzen.
Sistema patriarkalak hamarkadetan emakumeak lan-merkatutik kanpo utzi dituela ere gogorarazi dute, “esklusiboki etengabeko zainketa lanaldietan aritzeko”. Hala, emakume pentsiodunen borroka aliantzak eraikitzeko espazioa izan behar dela azpimarratu dute: “Eskubideeta pentsioetan benetako berdintasuna lortzen ez den bitartean, adineko emakumeek beren bizitzaren amaiera larrituta, bakardadean, pobrezian, abandonatuta eta gizarte bazterkerian bizi beharko dute”.
Hori ekiditeko, orain arteko aldarrikapenei eutsi diete emakume pentsiodunek: gutxieneko 1.080 euroko pentsioa, hamalau ordainsaritan; pentsioetan genero-arrakala ezabatzea; familiak eta etxeak zaintzeko eta mantentzeko egiten duten lanari aitorpen soziala eta ekonomikoa egitea; ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida sortzea eta alarguntza-pentsioak bat egin dezala kotizatzailearen ezkontideak kobratutakoaren %100arekin, adin-mugarik gabe.