"Bada garaia guztiontzako unibertsalak izango diren eskubideak aldarrikatzeko"
Pandemiak baldintzatutako Martxoaren 8a izan arren, desberdintasunak ikusarazi eta berdintasun politikak eskatu dituzte Busturialdeko emakumeek. Feminismoa, antirrazismoa eta dekolonitatea aldarrikatu, eta transnazionalak, mugak eta migrazio politikak salatu dituzte. Egiten duten lanari duen balioa emateko aldarrikatu dute.
Gaur, Martxoaren 8an, aldarriz bete dituzte Busturialdeko kaleak emakumeek. Feminismoa, antirrazismoa eta dekolonitatea aldarrikatu, eta transnazionalak, mugak eta migrazio politikak salatu dituzte.
Bi urte igaro dira greba feministan planto egitera eta bizitzak erdigunean jartzeko aldarria kalera atera zutenetik, eta urtebete emakumeek borroka feministara batzeko deia egin zutenetik. Ordutik, COVID-19ak eragindako izurriteak sistemako arlo desberdinetako krisia azaleratu duela diote Gernikako Sare Feministako kideek. “Lehertu dena ez da osasun krisia bakarrik izan, lehertu zaiguna sistemaren krisia da. Eta aurreko krisialdietan bezala, emakumeak izan gara kolpatuenak. Izan ere, bizitza sostengatzeko lan erreprodutibo guztia esparru feminizatuetan ematen da”, azaldu dute Busturialdeko feministek.
Gernika-Lumon aldarriak ez dira falta izan. Emakumeen Mundu Martxagaz bat eginda, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean kalera atera dira emakumeak, eta mugak eta zubiak arrakalatzearen alde egin dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek. Bi zutabetan banatuta, Errenteriako zubitik atera dira batzuk, eta Kaltzada Egoitzatik abiatu dira besteak, gero, Pasealekuan batzeko. “Euskal Herrian eta Euskal Herritik dena aldatzeko lan egingo dugu. Bada garaia injustiziaz, esplotazioz eta zapalkuntzez eraikita dagoen sistema honen aurrean, guztientzako unibertsalak izango diren eskubideak aldarrikatzeko. Bada garaia gure lurraldeak inposatzen dizkigun muga fisiko eta politikoak apurtzeko. Gure baitan dauden mugak apurtu gura ditugu, erraietatik hasi eta Euskal Herri burujabe, feminista eta antirrazista batera bidean”, ozen esan dute.
Desberdintasunak ikusarazi eta berdintasun politikak eskatu dituzte. Izan ere, salatu dutenez, emakumeek egiten dituzten lanak ez dira “onartzen, baloratzen ez eta ordaintzen” ere: “Herritarron osasunaren gainetik, gobernuek kapitala lehenetsi dute berriz ere. Agerian geratu da Euskal Herrian erabakiak hartzeko ahalmen eza. Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazista ikusten dugu. Ehunka herrikide euren lanpostuetatik kaleratuta edo kaleratzeko arriskuan daude. Beste asko euren etxeetatik bota dituzte. Milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan zuten zaintza lanengatik, eta espetxeetan dauden euskal presoak egoera are okerragoan daude”.
Indarkeria matxistak “ez duela etenik” diote Gernikako Sare Feministakoek, eta krisialdiak eremu feminizatuak “gogor” kolpatu dituela ozen esan dute, “bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileak”.
Merkatu librearen oinarriek “ardatz arrazistak” dituztela salatu dute: “Enpresek munduan zehar erabateko askatasunez ustiatzen eta metatzen duten bitartean, Europako mugak migrazio politika hiltzaileen aldierazleak dira. Kapitalarentzat gure bizitzek ez dute apenas baliorik eta eredu patriarkal eta arrazakeriak balio hori lan esku merkera bultzatzen dute. Gure bizitzak sostengatzea ez da errentagarria kapitalismoarentzat”.
Horren aurrean, “sistema kapitalista, patrialkar eta arrazista” arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dela adierazi dute, eta sistemaren “oinarri arrazista” salatu dute sare feministako kideek Gernikan. “Ezberdin kolpatzen bagaitu ere, aurrean daukagun monstruo berbera da. Erasotuak garen guztiok batu eta monstruoaren burua kolpatu behar dugu. Feministok ezin ditugu dominizazio sistemak hierarkizatu. Ezin ditugu beste zapalkuntza batzuk gutxietzi, ezin dugu eta ez dugu beste alde batera begiratu nahi”. Egunetik egunera arrazakeria bistaratzearen eta lantzearen alde egin dute feministek, herri eta auzoetan aliantza sareak ehunduz, borrokarako espazioak zabalduz edota mundu mailako ekintzetan parte hartuz.
Sistema arrakalatzearen alde egin dute bermeotarrek ere. Sei zutabetan abiatu dira, Goiko Plaza ingurutik hasi eta olatu hormaraino. Bide ezberdinetatik, katean joan dira, zapiekin lagunduta. Bidean, hainbat izan dira bermeotarren artean entzundako aldarrikapenak. Hala, gogorarazi dute emakumeen “ezinegona” ez duela pandemia honek ekarri: “Patriarkatu kapitalista eta arrazista da gure lakra”.
Zaintza da aurtengo aldarrikapen nagusia, eta zaintza “ez dela familia balorea” esan dute; zaintza “politikoa, ekonomikoa, soziala eta publikoa” dela aldarrikatu dute. Pandemiak zaintza lanen garrantzia “nabarmendu” duela esan du Bermeoko Mugimendu Feministak; zaintzara bideratutako sektoreen “prekarizazioa erabatekoa eta onartezina” dela gaineratuta: “Kaleak hartu eta zaintzari eta zaintzaileoi dagokigun esparru politikoa, begirunea, aitortza soziala eta ordain ekonomikoa exijitzen ditugu”. Era berean, emakume migranteen “bizi baldintzekin jokatzeari behin betiko uzteko” exijitu dute.
Gaur ez ezik, Emakumeen Mundu Martxagaz bat egin zuten Ean, asteburuan. Herri handietan egin modura, zapiak eskuetan, zubiak aldarrikapenez bete zituzten. Herriguneko bi zubi batu zituzten herritarrek, zapiekin kateak osatuz. “Eako zubien gainetik ere gure zapiak astindu gura ditugu, Ean ere emakumeon borroka feminista ikusarazteko. Zubiak bete eta zapiak astindu emakume migranteen egoeraz jabetzeko! Zubiak indartu eta zapiak josi emakumeen arteko sare feministak lortzeko. Zubiak ireki eta zapiak jantzi, gizon, emakume, pertsona, guztion parte hartze beharraz ohartzeko”.
Asteburu honetan ekitaldi gehiago. Bestalde, herri batzuetan asteburuan egin modura, asteburu honetan ere Emakumeen Egunaren harira antolatutako ekintzak egingo dituzte hainbat udalerritan.
Bermeotarrek Matriuska antzezlana ikusteko aukera izango dute barikuan, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Sarrerak Gizarte eta Kultur Etxean edo www.kutxabank.eus webgunean eskuratu ahalko dira.
Muxikan bi emankizun izango dira aukeran. Barikuan, Zer gara gu? antzerki foroa egingo dute Ariatzan, 19:00etan. Zapatuan, Aitziber Garmendiak Txanogorritxutik oso emera (sei mutil medio) antzezlana eskainiko du, 19:00etan, Kurtzeroko frontoian. Sarrerak Zubieta Errotan eskuratu behar dira, 5 eurotan.