Arrizabalagak eta Agirrek alde nabarmenagaz irabazi dute binakako final-laurdena
Olatz Arrizabalaga: "Lehenengo tantotik oso serio sartu ginen, eta seriotasun hori ez genuen galdu 22. tantora heldu arte".
Eskuz Binakako Emakume Master Cup-aren final-laurdena erraz irabazi dute Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirrek. Zapatuan ez zuten gehiegi sufritu behar izan Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara (22-4) kanporatzeko. “Ez genuen espero hain erraz irabaztea. Aste osoan entrenamendu onekin egon ginen, eta motibazio askogaz heldu ginen partidura, eta oro har, heldu gara txapelketa honetara. Lehenengo tantotik oso serio sartu ginen, eta seriotasun hori ez genuen galdu 22. tantora heldu arte”, azaldu du Gernika-Lumoko pilotariak.
Arrizabalaga lehenengo pilotakadatik partida erabakitzeko asmoz sartu zen, eta 9-0eko partzialarekin azkar lortu zuten aurkariak aukerarik gabe uztea.
Sakeagaz min asko egin zuen aurrelari gernikarrak, eta alde oso handia ireki zuen. Berak egindako hamazortzi tantoetatik hamar sakez lortu zituen. Asteasukoa bezalako pilotaleku azkar batean, Ruiz de Infantek eta Bergarak ez zuten euren jokoa erakusteko aukerarik izan. Hain zuzen, frontoiaren ezaugarriak eurentzat aproposak zirela dio Arrizabalagak: “Frontoia niretzat hobea zen. Frontoi oso arina da, eta nire moduko jotzaile batek abantaila dauka kasu horretan. Aldea batez ere sakean egon zen. Hamar tanto sakez egin nituen, eta horri buelta ematea nahikoa gaitza da. Eurak defentsa lanean ez ziren hain fin ibili”.
Finalerdia, martxoaren 20an. Bi aste dituzte finalaurrekoa prestatzeko. Martxoaren 20an Irungo Urantzu pilotalekuan lehiatuko dituzte txapelketaren bi finalerdiak.
Arrizabalagak eta Agirrek Leire Garairen eta Oihana Orbegozoren kontra jokatuko dute, eta beste partidua Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendiren artekoa izango da.
Arrizabalagaren ustez, finalaurrekoa “nahikoa gogorra”· izango da, bikote “oso sendoa” edukiko baitute aurrean. Final-laurdeneko partiduak konfiantza emateko asko lagundu diela, eta eurak “motibazioagaz” irtengo direla azpimarratu du. “Agian, atzean eurek indar gehiago daukate, baina saiatuko gara gure jokoa erakusten, indar hori erakusten, eta pilotari bizitasun hori ematen. Partiduan gu erasoan nagusi izaten ahaleginduko gara, eta ea eurak defentsa lanean huts egiteren bat egiten duten. Partidu gogorra izango da, baina ondo jokatuz gero, aurrera atera ahalko dugu”.