Zaintza aldarri gorenena
Uste dute kalera ateratzea "beharrezkoa" dela, "pandemiaren eraginez emakumeen prekarizazioa handitu egin delako".
Mugimendu Feministetako kideek argi daukate: “Koronabirusaren pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, zaintzaren ardurarik handiena emakumeoi egokitu zaigu, bai zerbitzu publikoetan (osasungintzan, hezkuntzan, merkataritzan eta elikaduran…) baita etxebizitza barruan ere, etxeko lanen eta zaintza lanen banaketak ez direlako ekitatiboak”.
Zaintza “politikoa, ekonomikoa eta soziala” dela dio Bermeoko Mugimendu Feministako kide Biotza Unanuek, eta hori da erdigunean jarri gura dutena: “Zaintza agenda politikoan sartzea eskatzen dugu, dagokion baliabide eta baldintzekin”.
Emakumeen artean ere banaketa desorekatua dela aipatzen dute, “klase sozialaren eta migrazio estatusaren arabera”.
Unanuek azaldu du Bermeon emigrazioaren egoera landu beharra ikusi dutela, “mugak, politika migratorioen eta legeen egoera”. Martxoaren 8ra begira, hortaz, saiatu izan dira “ahoz ahoko lan txikia” eginez, Bermeon bizi diren migratzaile desberdinekin harremanatan jartzen, zubiak eraikitzen hasteko: “Berba egiten gabiltza, elkar ezagutzen eta guretzat hain lazgarria den egoera horretaz dituzten aldarrikapenak ezagutu gura ditugu”. Ikusten ez den zaintza ere nabarmendu du bermeotarrak, batez ere, emakume migranteak zaintza sektoreetara bideratuta daudela aipatuta: “Pandemia honetan egoera oso lazgarriak eman dira”.
Konfinamendu egoerak indarkeria egoerak emateko aukerak ere areagotu egin dituela diote, genero indarkeriagaz lotutako datuek goraka egin dutela nabaremenduta; “etxeetan sartuta eduki ditugu erasotua erasotzaileagaz 24 orduz”.
Emakundek ere zaintzagaz lotutako kanpaina abiarazi du aurtengo M8ra begira. Hain zuzen ere, zaintza lanak ikusarazteko, baloratzeko eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratzen du: emakume eta gizonen artean eta baita erakunde eta gizarte osoaren artean ere. Zaintza erdigunean jartzeko beharra feminismoaren aldarrikapen handietako bat dela gogorarazi du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak.
“Zuhurtzia” eskatu dute. Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du ezin duela biltzeko oinarrizko eskubidea mugatzen duen inolako neurri murriztailerik hartu, baina osasun egoera kritiko honek “zuhurtasun eta zorroztasun handia” eskatzen duela M8-an osasun neurriak betetzeari dagokionean. Modu horretan, manifestazioetan eta bestelako ekitzetan parte hartzeko asmoa daukaten herritarrei eskatu die indarrean dauden osasun neurri guztiak betetzeko, “osasun kolektiboa zaintzeko”. Gogorarazi dute, gainera, oraindik ere udalerrietako konfinamendua ezarrita dagoela.
Bermeotarrek uste dute kalera ateratzea “garrantzitsua” baino gehiago “beharrezkoa” dela: “Pandemiaren eraginez emakumeen prekarizazioa handitu egin da”. Haserre ere agertu dira batzuek egindako adierazpenekin: “Zehazki martxoaren 8an ekitaldi masiborik ez egiteko eskatu dute, beste protesta batzuetarako eskatu ez dutena. Guk ere baldintza beretan jokatu gura dugu”.
Hala, Busturialdeko emakumeek kalera aterako dituzte aldarrikapenak eta hainbat dira herrietan antolatutako protesta eta jarduerak.