Nagusitasunez irabazita, finalaurrekora
Erregina Koparen final-laurdenean Lointek Gernika Bizkaiak 79-56 irabazi dio Ciudad de la Laguna Teneriferi, gaur arratsaldean. Valencia Basket-en kontra jokatuko du finalerdia, bihar.
Ia hiru astez lehiatu barik egon ostean, Lointek Gernika Bizkaiaren jokoa zein izango zenaren ikusmina zegoen, eta talde gernikarrak ez du huts egin. Denboraldiko hitzordu berezienetako bat izaten da Erregina Kopa, eta gaurko Valentziako neurketan maila eman du talde gernikarrak. Arratsaldeko final-laurdenean Ciudad de la Laguna Teneriferi 79-56 irabazita, biharko finalaurrekoa lehiatzeko txartela lortu du.
Valencia Basketen kontra jokatuko du finalerdia, bihar, 17:00etik aurrera. (Valencia 74-58 nagusitu zaio IDK Euskotreni gaurko final-laurdenean). Spar Gironaren eta Perfumerias Avenidaren finalerdia, berriz, 13:00etan hasiko da. Gernika-Lumoko taldearentzat hirugarren finalaurrekoa da aurtengoa (2017an eta 2019an lehiatu zituen beste biak).
Azken asteotako egoera zailaren ostean, aurpegia eman du gaur Lointekek, eta jokalariak %100 egon ez arren, taldearen nortasunaren ikur diren indarra eta kemena erakutsi ditu. Ez du ohiko jokoa egin, baina Mario Lopezek prestatutako estrategia eraginkorra izan da. Partidu osoan zehar, errentari eusteko gai izan dira talde gernikarrekoak. Partiduaren kontrola eduki dute.
Egoerara eta entrenatzaileak iradokitako jokora ondo egokitu dira. Beste behin talde lana izan da garaipena lortzeko gako nagusietako bat. Paula Ginzo jokalariak esan modura, denak bat eginda aurrera eraman dute partidua: “Taldeak egindako lanagaz oso pozik nago. Hiru aste hauek oso konplikatuak izan dira guretzat. Ez gara etorri gure momenturik onenean, eta gogorra izan da, baina oso harro nago. Testuinguru honetara moldatzea funtsezkoa izan da”. Saskibaloi ona egin dutela eta gustura sentitu direla zehaztu du: “Lasaitasunez aritu gara, jaurtiketa onak bilatzen, eta erakutsi dugun balio-aniztasun hori giltzarria izan da”.
Hasieratik itxura ona eman du Gernika-Lumoko taldeak; baloiaren zirkulazioan erakustaldia eman du. 20-12 amaitu dute lehenengo laurdena, eta 39-24ko markagailuagaz ailegatu dira atsedenaldira. Entrenatzaile gernikarraren berbetan, atsedenaldirako lortu duten errentak indarra eman die, eta jokalariei egindako esfortsua eskertu die: “Ondo hasi dugu partidua, baloia ondo mugitzen eta hirukoetan asmatzen. Bertikaltasunagaz asmatu dugu, eta ondo banatu dugu baloia. Lehen zatian erasoan ondo ibili gara, eta ondo defendatu dugu. Bigarren zatian markagailuko aldeari eustea izan da helburua”. Teneriferen barruko jokoa ixten saiatu direla adieraz du, eta erasoan baloia ondo mugitzeko helburua eduki dutela. Sortutako arriskuen aurrean, aurkariak urduri jartzea lortu dute.
Marta Alberdi harrobiko jokalari gernikarrak azaldu du partidu fisiko baterako prestatuta joan direla, eta ondo eutsi dutela: “Bagenekin zelan gentozen, eta jakin dugu partidu fisikoa izango zela. Ondo eutsi dugu. Pilatuta geneukan nekea ondo kudeatu dugu. Pasatu dugun konfinamenduaren ostean, argi eduki dugu talde moduan indartu behar ginela”. Biharko erregaia geratzen zaiela esan du, eta “gogoagaz eta bihotzagaz” partidua aurrera atera ahalko dutela azpimarratu du: “Guk ahal dugun dena emango dugu”.
Fisikoki mugatuta, baina taktikoki bikain aritu da Lointek, eta bere defentsa gainditzeko arazoak eduki ditu Tenerifeko taldeak. Oro har, ideia gutxigaz ikusi da talde kanariarra, erasoan jariakortasun falta nabarmena erakutsi du momentu askotan. Jaurtiketa asko huts egin ditu, eta defentsa lan sendoa egiteko zailtasunak izan ditu. Taldeko izarretako bat den Taylorren falta ere igarri da.
Bjorklund, Lo, Ginzo, Roundtree, Ariztimuño, Cornelius, Buch… Lointekeko denek “dena eman dute”, eta Lok nabarmendu duenez, kantxa barruan eta kanpoan ere talde bat dira: “Eta hori asko eskertzen da, batez ere halako momentu zailetan, indarra nondik atera ez dakizunean, horrek asko laguntzen du. Talde honek gero eta gehiago harritzen nau”.