Ibarrangelun 2005ean aurkitutako aztarnategi arkeologiko baten berri eman du ADESek
Atxarre mendi multzoko A-040 kobazuloan, gutxienez bertan ehortzitako hiru pertsonaren hezurdurak eta gizakiak kontsumitutako magurioak, lapak eta ostrak aurkitu dituzte.
Gernika-Lumoko ADES Espeleologia Elkarteak 40 urte daramatza lurpeko ondarea ikertzen, batez ere Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan, eta oraingoan 2005ean Ibarrangelun aztarnategi arkeologiko bat aurkitu zutela jakinarazi dute bertako espeleologoek.
Atxarre mendi multzoko A-040 kobazuloan, gutxienez bertan ehortzitako hiru pertsonaren hezurdurak daude eta gizakiak kontsumitutako magurioak, lapak eta ostrak. Gizakiek tailaturiko tresneria ere egon daitekeela gaineratu dute: “Hori arkeologoek baieztatu beharko dute”, zehaztu dute ADESeko kideek.
Azaldu dutenez, aurkikuntza 2005ekoa bada ere, aztarnategiaren berri emateko prozedura ez zen egin. Izan ere, 2005ean Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoari jakitera eman zioten, eta bera espeleologikoekin kobazuloan sartu zen, eta aztarnategiaren benetakotasuna egiaztatu zuen. “Aztarnategia katalogatzeko izapideak bere esku geratu ziren, baina jakinarazpena ez zen ailegatu ailegatu behar zen lekura”.
Aztarnategia 15 urtez “utzita” egon dela konturatu ostean, espeleologoek jakinarazpena bere kabuz egitea erabaki dute. Araututako prozedurari jarraituz, Bizkaian aurkikuntza horiek erregistratzeko ardura duen Bilboko Arkeologi Museoari eman diote horren berri. Beraz, orain, aztarnategia Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren Datu Basean katalogatuko da, eta kobazuloa ikertzeko interesa izan dezaketen espezialistek lanerako baimena eskatu dezakete, informazio guztia eskuratuz.
2005 eta 2016. ADESekoek zehaztu dute euren ohiko zainketa eta berrikusketa lanen barruan, A-040 kobazuloaren egoera ikusteko 2016an ere sartu zirela bertara. Orduan konturatu ziren sarrera eurek utzitako moduan zegoela, eta beraz, urte horietan zehar “ez zela arkeologorik ez espeleologorik sartu bertara”. Beste sarrera batetik sartu ziren, eta giza-aztarnak topatu zituzten. Galerian aurrera eginda, 2005ean arakatutako kobagaz lotzen zuen pasabidea zegoela konturatu ziren.
2016ko azterketa hartan ikusi zuten “piztiek nabarmen hondatu” zutela ingurua: “Animalien sartu-irtena nabaria zen, eta aztarnategiaren elementuak mugituta zeuden”. 2005ean egin modura, bigarren sarrera hori ere guztiz itxi zuten. Jarraian, koba katalogatuta zegoen jakiteko prozedura hasi zuten, eta egiaztatu zuten ez zegoela katalogatuta.