Gorenak ez du onartu Sukarrietak Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka jarritako helegitea
Sukarrietako Udalak esan duenez, "bete beharreko" ebazpen judizial baten aurrean daude, legeak hala aginduta. Hala ere, "erabateko desadostasuna" agertu gura dute
Sukarrietako Udalak jakitera eman duenez, Auzitegi Gorenaren erabakia jaso dute: Gorenak ez du onartu Sukarrietako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka jarritako kasazio helegitea.
Udal arduradunek gogorarazi dutenez, epai horrek Sukarrietak Bizkaiko Batzar Nagusien erabakiaren aurka jarritako admnistraziorako auzi-errekurtsoa ezetsi zuen. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek erabaki zuten Abiña auzoa Sukarrietari kentzea, Busturiari emateko.
Legeak hala aginduta, “bete beharreko” ebazpen judizial baten aurrean daudela adierazi du Sukarrietako Udalak. Hala eta guztiz ere, “erabateko desadostasuna” agertu gura dute: “Epai judizial laburrak ez du udal honek emandako argudioetako bat bera ere baloratu. Ez du aztertu Batzar Nagusien legez kontrako ebazpen bidegabea; zuzenean, ez du onartzen udal honen kasazio errekurtsoa”.
Sukarrietako Udalaren ustez, Batzar Nagusien erabakia “Bizkaiko Historiaren aurkako bidegabekeria” izan zen. Abiña auzoa jatorriz Sukarrietakoa dela diote. “Bertan egiten ziren udalbatzak XVIII. mende amaiera arte, eta, gainera, herriko parrokia bertan zegoen 1785. urtera arte, udal kanposantua orain dagoen lekura mugitu arte”.
“Udalak beti uste izan du justiziak Bizkaiko Historiaren aurkako atentatu hau zuzenduko zuela. Bizkaiko Batzar Nagusietan bigarren eserlekua zuen elizatearen jatorria desegin zuen. Argi geratu da, baina, justifikaziorik gabeko konfiantza zela”, esan dute udaletik.
Modu horretan, Bizkaiko Batzar Nagusiei eta bertan ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiei eskatu diete “egindako bidegabekeria leheneratzeko eta Sukarrietari bere jatorria eta historia itzultzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko”.
Amaitzeko, aipatu dute udalak “bere jatorria eta historia” erreklamatzen jarraituko duela, eta berea dena berreskuratzeko ahalegina egingo dutela; “ez dugu etsiko”. Hala, Abiña berreskuratzeko behar diren ekimen guztiak egingo dituztela jakinarazi dute.