Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mugitu daiteke, asteartetik aurrera
Mugikortasuna baimendu, baina neurriak indarrean mantentzea erabaki du Jaurlaritzak, "egoera epidemiologikoa egonkorragoa izan arte". Martxoaren 9an jarriko da indarrean dekretu berria.
Martxoaren 9tik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mugikortasuna baimenduta egongo da, inolako mugarik gabe. LABI batzorde teknikoak gaur [martxoak 5] egin duen bileran erabaki du udalerrien muga perimetrala bertan behera uztea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du gainontzeko neurriak luzatzea dela zuhurrena, “arik eta egoera epidemiologikoa egonkorragoa eta ziurtasun handiagokoa izan arte”.
Gauzak horrela, gehienez lau pertsonako taldeak batu ahalko dira; gaueko mugikortasuna mugatuta egongo da 22:00etatik 06:00etara; merkataritza eta kultura jarduerek 21:00etarako bukatuta egon beharko dute; 150m2-tik gorako merkataritza establezimenduetan gehienezko edukiera %40koa izango da, eta % 60koa 150m2-ra arteko azalera dutenetan; kultura eta gizarte ekitaldietan edukierak mugatuta egongo dira eta kultuzko guneetan gehienezko edukiera %35ekoa izango da, besteak beste.
Hala ere, ezabatu egingo da 500etik gorako intzidentzia-tasa metatuaren erreferentzia udalerriko murrizketak zehazteko. Izan ere, une honetan hiru dira gune gorrian dauden herriak.
Astelehenean argitaratuko da dekretu berria, eta martitzenean sartuko da indarrean.
Intzidentzia-tasa jaistea helburu. 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia-tasa metatua 230ekoa da orain. Datu hori baikorra dela esan du Urkulluk; hala ere, nabarmendu du helburua dela tasa hori 60ra arte murriztea.
Bizi Berri III. Planaren Transmizio Tentsionatuko 3. mailan daude orain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Egoerak hobera nabarmen egin duen arren, iragarpena “zalantzazkoa” dela esan du Lehendakariak: “Oraindik ez da deseskaladarako unea; orain kontu handiz ibiltzeko unea da. Une kritikoan gaude eta datozen asteotako bilakaera erabakigarria izango da”.
Lau faktore aipatu ditu Jaurlaritzak zuhurtziaz jokatzeko: birusaren aldagai berrien arriskua, azken astean beheranzko joeraren moteltzea, inguruko herrialdeetan eman den kasu positiboen joranzko joera eta behar baino lehen eginiko deseskaladaren prozesuen ondorio negatiboa eta gizarte erlaxazioa.
Neurriok indarrean egongo dira hurrengo 20 egunetan. Epe horren ostean batuko da berriro LABI aholku batzordea egoeraren balorazioa egiteko. Aste Santuari begira daudenei Lehendakariak eskatu die udara begira jar daitezela.
Biziberri Planaren 3. mailako agertokian gaude gaur egun. 100.000 biztanleko 230eko inzidentzia tasa metatua.