Murueta Sokatira Taldeak asteburuan lehiatuko du Goma Gaineko Euskadiko Txapelketa
Aurtengo txapelketan 680 kiloko eta 640 kiloko kategorietan ariko dira lehian Busturialdeko taldekoak.
2021eko Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa hasiko dute asteburu honetan, Getxoko Faduran. Murueta Sokatira Taldeak bi kategoriatan parte hartuko du aurten, eta biak asteburuan lehiatuko ditu.
Aurreko urteetan baino talde gutxiagok izena eman dute, eta aldaketa nabarmenagaz dator txapelketa. Izan ere, aurrekoetan ez bezala, kategoria guztiak jardunaldi bakarrean erabakiko dira.
Gizonezkoen 680 kiloko lehiagaz eta emakumezkoen 540koagaz hasiko dute txapelketa zapatuan [martxoak 6], 17:00etan. Muruetagaz batera, Beti Gazte talde nafarra eta Ibarra talde gipuzkoarra ariko dira zein baino zein gehiago. Emakumezkoetan ere hiru talde lehiatuko dira: Badaiotz, Beti Gazte eta Ibarra.
Domekan gizonezkoen taldeak bakarrik ariko dira. 640 kilokoan lau taldek izena eman dute: Muruetak, Beti Gaztek, Ibarrak eta Txantreak.
Iazko Munduko Txapelketatik lehiatu barik egon dira Muruetakoak, eta hilabete eta erdi daramate entrenatzen. Horrek eragina edukiko du euren errendimenduan. “Ahal dutena” egingo dutela diote. 11 bat sokatiralariko taldea osatu dute, tartean taldekide berriak dituzte. “Ahalegin guztiak egingo ditugu. 600 eta 560 kiloetan ere aurkeztu izan gara normalean, baina aurten kategoria bitan bakarrik ariko gara”.
Ahalik eta talde onena osatzeko pisua jaisten aritu dira azken asteotan: “Hilabete bat baino ez dugu entrenatu, aurretik ez dugulako baimenik eduki, goi mailako kirolari moduan ez gaituztelako hartu. Hori egiteko pauta batzuk behar dira, eta ez ditugu eduki, ea datorren urterako lortzen dugun goi mailako kirola izatea. Gu erdi-profesionalak gara, eta orain dela hilabete eta erdi esan ziguten seik parte hartu ahal genuela entrenamenduetan; gero esan ziguten partaide guztiok entrenatu ahal genuela, baina horretarako federatuta egon behar ginela”.
Aurkari gogorrenak nafarrak izango direla uste dute. Haiek denbora gehiago eduki dute prestatzeko; entrenatzeko aukera eduki dute eta, gainera, hango txapelketa jokatu berri dute: “Halako aurkariekin oso gaitza izango da”.
Bizkaiko Txapelketa. Euskadikoaren ondoren, Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa jokatuko dute martxoaren 14an, 12:00etan, Laukizen. Sei talde hauen artean erabakiko da Bizkaiko txapelduna: Murueta, Abadiño, Gaztedi A, Gaztedi B, Akelarre eta Goiherri. 640 kilokoan ariko dira.
Ekitaldi horretan Gaztedi Sokatira Taldeari Laukizko Berdintasunaren aldeko saria emango diote.