Eusko Alkartasunak Itsas Gudari Eguna ospatuko du domekan
Aurten, Nestor Basterretxearen 'Matxitxakoko Guda' eskultura aurrean batu beharrean, bide berriko begiratokian batuko dira.
Aurten ere, hutsik egin barik, Matxitxakoko Gudaren urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia antolatu du Eusko Alkartasunak (EA) domekarako.
Urtero legez, 1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omenduko dituzte.
Itsasoan lore eskaintza egingo dute. Ondoren, Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean batu barik, bide berriko begiratokian batuko dira. “Aldundiak dio lurrak etengabe mugitzen ari direla; hori dela-eta Bermeoko Udalak ez du baimenik eman”, esan dute antolatzaileek. 12:00etan jarri dute ordua begiratokian. Aurten, baina, ez dute hara joateko autobusik jarriko.
Nestor Basterretxea aretoan egin ohi duten ekitaldi politikoa ere ez da egongo. Begiratokian bertan zenbait hitz esango dituzte EH Bilduren senatari Idurre Bidegurenek, eta Bermeoko EH Bilduren zinegotzi Asier Larraurik.