Bakarkako ariketatik taldekakora
Literatur-solasaldiak baino askoz gehiago dira Irakurle Txokoak. Busturialdean hainbat herritan daude, eta horietako bi adibide hartu eta euren ibilbideak errepasatu ditugu. Bermeon eta Ean orain dela hamar urte sortu zituzten taldeak.
Ariketa intimoa da irakurtzea. Gehienetan bakardadean, lasai egoteko tartetxo bat hartu eta irakurtzen dugu. Etxean zein lasai egoteko leku kuttunak ditugun horietan. Gozamena da liburuek eskaintzen dituzten munduetan murgitzea, baina plazerra da ere horietan xurgatutakoa besteekin konpartitzea.
Horixe egiten dute irakurle txokoetan. Busturialdean hainbat herritan daude halako literatur taldeak, eta adibide moduan hartu ditugu Bermeokoa eta Eakoa. Bertako kide eta arduradunen berbetan, euskarazko literatura ezagutzeko aukera eskaintzen die proiektuak, bai jatorriz euskaraz sortuak, baita itzulpenak ere, eta ondo pasatzen dutela nabarmendu dute denek.
Euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea dute asmo. Euskaraz irakurri nahi dutenen arteko lotura sortu eta elkarren babesa izatea, euskaraz irakurtzeko liburuen gomendioak eman eta jasotzea eta euskarazko literaturaren inguruko ezagutzak zabaltzea ere badira helburuak.
Hamar urtez eten barik
Bermeon, liburutegia eta Euskara Saila dira antolatzaileak. Maite Zarate Bermeoko Udaleko Euskara teknikaria eta irakurle txokoko partaideak dio hasiera batetik eduki zutela helburutzat literaturzaleen talde sendo bat izatea lagun giroan, eta baita liburutegiaren eta jendearen arteko lotura sendotzea ere.
2011ko urtarrilean hasi ziren, eta eten barik mantendu dute jarduna. Hamar urteotan 85 liburu irakurri dituzte. “Nahikoa sendotuta dago proiektua, eta jarraitzeko gogoa ere badago”.
Iritzi berekoak dira Ean ere. Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldekoen ekimenez, 2011ko urtarrilaren 14an egin zuten lehenengo saioa; Mikel Antzaren Ospitalekoak liburua izan zen lehenengo liburua.
Eako, Natxituako eta Bedaronako irakurleak ez ezik, Gernikakoak, Ereñokoak eta Gautegiz Arteagakoak ere biltzen dira TxarakIEn: “Hasieran Lekeitiotik ere etortzen ziren, eta gero eurena sortu zuten. Taldea aldakorra da; gure herriko ezaugarria den moduan, askoz ere jende gehiago egoten gara udan neguan baino. Uste dugu bide bat egin eta gauza asko ikasi ditugula. Hau irekia da, edonor etorri daiteke. Liburua irakurri ez badute ere, etorri daitezke. Normalean irakurrita etortzen gara, etxeko lanak eginda. Baina ez beti. Udan jendea kuriositatez ere etortzen da”.
Joseba Sarrionaindiaren Narrazioak irakurtzen zeudela topatu zuten txarakie hitza: “Kide batek esan zuen aspaldian entzun gabe zeukan hitz oso ederra dela, eta gurekin ere metafora bat izan daitekeela. Nahiz eta landatu ez, behin eta berriro, modu marginaletik, periferikotik bada ere, sortzen da berriro landarea, arbola, bedarra… Eta gu ere horrela sortzen gara, landu gabe gogo bat dagoelako irakurtzeko, elkartzeko eta komentatzeko. Berbak ere gure pentsamendua dira. Euskararekin maiteminduta ere bagaude, gure literaturarekin eta kanpokoarekin maiteminduta gauden moduan. Ipintzen duzuna liburuak ere ematen dizula uste dugu. Jartzen duzun momentu intimo hori, liburuaren eta zure arteko harreman indibidual, bakarti horrek gero asko ematen dizu. Hori uste dugu TxarakIEn, bestela ez genuke jarraituko”.
Hilabetero
Bermeotarrek dinamizatzaile bategaz egiten dituzte saioak, Arrate Egaña idazlea da egungoa. Urritik maiatzera hilabeteen hirugarren eguenetan elkartzen dira Bermeoko liburutegian. “Ikasturtean zortzi saio izaten dira, eta azkenean beti egiten dugu idazle bategaz solasaldia. Ilustratzaile bat ere egona da, eta aurten, Anton Garikano itzultzailea ekarri nahi dugu. Liburu baten bueltan hainbat profesional daude; idazlea da noski protagonistarik handiena, baina, gero, kasu batzuetan bai ilustratzaileek eta bai itzultzaileek badute zer esan handia”.
Herrijeri Emon Arnasakoen esanetan, sorreratik asmoa gozatzea izan da: “Batez ere plazerra. Ezagutzak ematen duen plazerra da. Uste dugu plazerrak berak eramango gaituela euskaraz irakurtzea sustatzera, gustura egotera. Literaturaren bidez sentitzen dugun plazer hori sakona da. Balio digu ikasteko munduan dagoen literatura, korronteak, moduak, iritzi desberdinak… Irakurzaletasuna erabat bultzatzen da; irakurtzen duzun heinean gustua hartzen diozu. Hausnarketarako eta zure bizitzaren interpretazioa egiteko laguntzen du irakurtzeak. Asko ematen du, eta are gehiago gero elkarrekin komentatzeak”.
Euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatzea da helburu nagusia
Beti euskaraz; euskaraz sortuak eta kanpokoak euskarara ekarriak: “Gure hizkuntza delako eta uste dugulako denok ahal dugula. Euskaldun askok irakurtzen dute erderaz, pentsatzen dutelako ez direla kapaz izango, ez dutela ondo ulertuko… Gure hizkuntzaren egoera ez dago normalizatuta. Zoritxarrez, erdi-alfabetatugabeak gara gure hizkuntzan, eta horrek ikara moduko bat sortzen du: ez dut ulertuko, ez dut gozatuko… Halako aurreiritzi handi batzuk badaude, eta zailtasun errealak ere badaude”.
TxarakIEn hilabetearen hirugarren barikuan elkartzen dira, Eskolondon. “Pasioz eztabaidatzen» dute: «Kritika gogorrak ere izaten dira batzuetan. Literaturan gauza guztien moduan bakoitzak bere estiloa dauka, eta bere aukera. Ez da beti asmatzen, gainera. Gehien-gehienetan pasio handiz aritzen gara, eta parte-hartze aktiboa izaten da gurea. Elkarrengandik gehiago ateratzen da beti liburu batetik. Begi, buru eta gogo desberdinetatik gozatu egiten da”.
Han eta hemen talde txiki bategaz hasi, eta hazten joan dira; batzuk utzi dute, batzuk hasiera-hasieratik daude, beste asko berriak izaten dira…
Denen artean adosten dituzte irakurri beharreko liburuak, eta denetan ere itzulpenen eta jatorrizkoen artean, zein idazle emakumezko eta gizonezkoen artean oreka mantentzen saiatzen dira aukeraketa egiterakoan. Emakumeek idatzitako literaturari lehentasuna ematen diote Bermeokoek: “Espreski lehentasuna ematen ez baldin bada, bakarrik gizonak agertzen dira. Idazle emakumeak ez dira hain ezagunak. Horri ematen diogu lehentasuna”.
Eako taldekoek gauza asko ikasi dituzte hamar urteko ibilbidean, eta tartean, aukeraketa egiten ere “bidean ikasi” dutela diote. Ez dute saioak gidatzeko arduradunik, ezta urteko programaziorik ere; hilabete batetik bestera zehazten dute hurrengoa edota hurrengo biak. “Argitaletxeen nobedadeak ikusten ditugu sarean, beste literatur txokoren bateko ezagunei galdetzen diegu, prentsan agertutakoak ikusten ditugu… Susak Literatur emailuetan publikatzen ditu hilero gureak, eta idazleen elkartearen Hitzen uberan Euskal literaturaren eta sormenaren atari digitalekoei ere bidaltzen diegu hileroko informazioa”.
Saio batzuetan idazleekin solasaldian elkartzen dira
Bermeokoek era berezian borobiltzen dute ikasturtea. Azken solasaldi horretan alkarregaz bazkaldu eta bazkaloste luzea egiten dute idazleagaz. Uxue Alberdirekin Getarian egon ziren, Irati Jimenezegaz Bilbon, Miren Agur Meabegaz Lekeition… “Saio oso politak izaten dira; aitzakia oso ona da hara eta hona ibiltzeko”. Bermeon egindako ikasturte amaierako saioetara ere makina bat idazle gonbidatu dituzte: Alaine Agirre eta Ekaitz Goinetxea bermeotarrak, Axel Luzarraga mundakarra, Kattalin Miner, Karmele Jaio…
Hiru edo lau hilabeterik behin idazleak gonbidatzen dituzte TxarakIEra.
Pandemiaren eragina
Halabeharrez, pasadan urtearen martxoan etenaldia eduki zuten, eta konfinamenduaren ostean, egoera berrira egokituta aritu dira, unean uneko neurriak betez.
Eskolondo itxita egon denetan, batetik bestera ibili dira TxarakIEko lagunak. Tabernetako terrazetan, elkarte batean… Martxoan eta apirilean etxetik aritu ziren WhatsAppez eta euren webgunetik. “www.hea.eus web orrialdean TxarakIEren atal bat daukagu, eta bertan daude liburuak, argazkiak, komentarioak… Iñaki Lejardi Bedarokoak eta Amaia Aldamizetxebarria Ereñokoak muntaiak egin zituzten liburuekin eta tituluekin jolas-literario modukoa sortuz, eta aktiboki jarraitu genuen”.
Bermeokoek maiatzean eta ekainean berreskuratu genituen galdutako saioak: “Ez genuen saiorik galdu. Moldatu ginen. Saioak liburutegian egiten ditugu normalean. COVIDagatik aforo mugatuagatik beste gela batean egin behar izan ditugu, eta orain itxita dagoenez, zoom plataformaren bitartez egiten ari gara. Irudimena eta gogoa besterik ez da behar, eta ahal den moduan gure asmoa da saioak egiten jarraitzea. Egoerak agintzen digun moduan, era batera edo bestera egingo ditugu. Gu prest gaude jarraitzeko gauza xumea ematen duen arren, ez da erraza gaur egun horrenbeste jende biltzea literaturaren bueltan. Horrek erakusten digu egin dugun bidea baliozkoa izan dela”.