Mundakako EAJk 635.100 euro inbertitu gura ditu "Mundaka biziberritzeko"
2021erako aurrekontua 2.917.164 eurokoa izango dela diote jeltzaleek. Iaz egindako parte-hartze prozesutik jasotako 60 ideietatik 30 bildu dituzte aurkeztutako aurrekontu proposamenean.
Mundakako Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) 2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu du. Azaldu dutenez, joan den urteko urrian abiarazi zuten prozesu parte-hartzailean oinarrituta egin dute aurrekontua. Hala, urteko kontuen agirian, 635.100 euro bideratu dituzte prozesu parte-hartzailetik ateratako 30 proiektutan inbertsioak egiteko. Denetara, Mundakako Udalaren aurrekontua 2.917.164 eurokoa izatea aurreikusi dute.
“Testuak hainbat proiektu jasotzen ditu Mundaka esparru sozial eta kulturalean eta kirol arloan biziberritzeko, aurreko urtean COVID-19aren eraginez jarduerak behera egin ondoren; bai eta herriko taldeei babesa emateko ere”, azaldu dute. 2020ko azken hiruhilekoan herritarrekin eta herriko zein eskualdeko eragileekin egindako parte-hartze prozesuaren berri eman dute. Bost lan bilera egin zituztela diote, eta handik ateratako ideiak jeltzaleek hauteskundeetarako aurkeztutako egitasmoan jasotako konpromisoekin kontrastatu zituzten, “aurrekontuan jasotzeko bideragarriak ziren ikusteko”. Partaidetza prozesuan jasotako 60 ideietatik 30 aurtengo aurrekontuan jaso dituztela jakitera eman dute.
Mundakako EAJk sei esparrutan banatu ditu 2021ean garatu gura dituen jarduerak. Esparruak eraberritzea eta egokitzea da ataletako bat. Arlo horren barruan, Santa Katalina ingurua hobetzea proposatzen du, baselizako ibilbidea eta inguru osoa egokituz, bai eta inguru horretan dauden itsasorako sarbideak eraberrituz. Era berean, erretiratuen egoitza eraberritzeko asmoa ere badaukate, “herriko pertsona nagusiek toki eroso eta egokia izan dezaten”.
Kultura eta kirola ere “garrantzitsuak” izango direla zehaztu dute. Tokiko elkarteen eta udalaren arteko hitzarmenak garatzea lehenetsiko dute, “Mundakako agenda kulturala sustatzera begira”. Musika eta antzerki emanaldiak ere berreskuratu gura dituzte, eta Mundaka zein inguruagaz zerikusia daukaten ekitaldi gastronomikoak berraktibatzeko asmoa agertu dute. Kanpoko gimnasioko makinak berritu, udan hondartzan egin ohi den futbol sariketa berreskuratu eta rokodromo bat kokatzea ere badaude proposamenen artean.
Mundakako EAJren beste apustuetako bat da Mundaka Bizi izeneko programa. Horren barruan sartzen dituzte lorategiak eta berdeguneak atontzea; edukiontziak eta hondakinak uzteko guneak jartzeko espazioen berrantolaketa, sastarrontzi gehiago jarriz; udan etengabeko garbiketa zerbitzua bermatzea (bereziki jende gehien dabilen guneetan) edota komun publikoak jartzea eta seinaleztatzea.
Gune urdina aztertu. Nekazal guneak atontzeko helburua ere badaukate. Hala, Betrokolorako sarbidea eta Hondartzaperako bidea konpondu gura dituzte. Era berean, mendi bideetan eta argiterian mantentze lanak egiten jarraitzeko asmoa ere iragarri dute.
Mugikortasun Planaren alde ere egin dute, eta herriko gune urdina aztertuko dutela diote, “aparkaleku alternatiboak bilatuz, aparkalekuetako pasabideak eguneratuz eta garraio publikoa eta txirrinduak sustatuz, oinezkoari lehentasuna emanez”.
Azkenik, kolektibo ezberdinenganako babesa aipatu dute, eta arreta berezia jarriko diete COVID-19ak sortutako ondorioei. Hartara, Mundakako denda, taberna, jatetxe eta bestelako negozioetako kontsumoa aktibatzeko jarduerak bultzatu gura dituzte, eta ildo beretik, pandemiaren eragina sufritu duten gizataldeei babesa emateko taldeak sortzeko nahia ere agertu dute.