Martxoaren 4ko grebarako deia egin dute Bermeon ere
LAB sindikatukoek Bermeon egin dute gaur elkarretaratzea. Eguenean greba egiteko arrazoiak daudela aldarrikatu dute.
Zaintza lan “publikoak” eskatzeko greba eguna deitu dute sindikatuek martxoaren 4rako. Joan den barikuan Gernika-Lumon egin modura, LAB sindikatukoek Bermeon egin dute gaur elkarretaratzea. Pentsiodunen hitzordua baliatu dute Goiko Plazan batzeko. Hala, eguenean greba egiteko arrazoiak badaudela aldarrikatu dute Bermeon ere.
Gogorarazi dutenez, gaur egungo gizarte zerbitzuen erantzukizuna publikoa izan arren, “zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta daude, enpresen onura ekonomikoak onura asistentzialei gailentzen zaizkielarik”. Egoera horrek “zerbitzu eskasak” eskaintzea eta zaintza duina “ezin bermatu” ahal izatea dakarrela diote: “Egoiliarrei kalitatezko arreta bermatzen ez dien zerbitzu eredua daukagu”.
Langileen lan baldintzak ere izan dituzte gogoan: “Txanda amaigabeak, soldata lotsagarriak eta langileen osasuna larriki kaltetzen duen lan erritmoa, besteak beste”. Langile falta dagoela ere salatu dute LABekoek.
Behar duten pertsona guztiei “kalitateko zerbitzua” bermatzeko, gizarte zerbitzuak publiko egitea “beharrezkoa” dela diote: “Zuzeneko kudeaketarako sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario bat eskatu behar da, kalitatezko zerbitzuaren eta emandako funtzioari egokitutako lan baldintzen bermatzaile gisa, prekarietate faktorerik barik”.
Horregatik guztiagatik, herritarrak animatu dituzte martxoaren 4rako deituta dauden mobilizazioetan aktiboki parte hartzera.