Ingurumena ere mugatuta
Iazkoa "urte gogorra" izan bada ere "berrasmatzeko" balio izan diela uste dute. Egunez egun egokitzen ikasi dutela dio Ekoetxeako programa eta zerbitzuetako arduradun Roke Perez-Agotek.
Koronabirusak goitik behera aldatu ditu gauza asko eta asko. Tarteka, gainera, jendearen mugikortasuna ere mugatu egin du, eta oraindik egiten du; izan ere, gaur gaurkoz, herriak perimetralki itxita daude. Horrek guztiak “eragin nabarmena” izan du Eusko Jaurlaritzaren Ihobek kudeatzen duen Busturiko Ekoetxe Urdaiban ere.
Hilabete hauetan guztietan “ziurgabetasuna” izan da nagusi. Hala ere, egunez egun egokitzen ikasi dutela dio Ekoetxea Urdaibaiko programa eta zerbitzuetako arduradun Roke Perez-Agotek: “Denbora honetan guztian une desberdinak bizi izan ditugu, murrizketa desberdinekin. Hala, egunez egun moldatzen ikasi beharra eduki dugu. Aldaketak egun batetik bestera eman dira, eta ematen ari dira”. Egokitu eta aurrera egin. Hori da egin dutena eta egiten ari direna, ez baitute euren programazioa eten.
Iazko martxoaren erdialdera begiratzen du Perez-Agotek, Ekoetxea Urdaibaik ateak zarratu behar izan zituenera. Zentroa zarratu bai, baina etxetik lanean jarraitu zuten. Sarean eskaintzen zituzten edukiak: tailerrak (usainak, xaboiak, umeentzako jostailuak, bertoko eta sasoiko produktuekin errezetak…), bisita birtualak, ikuskizunak, ipun kontalariak… Horietako batzuek 1.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte; “datuak izugarri onak dira”. Modu horretan, egiten ari zirenak “zentzua zeukala” uste zuten. Hala, Ekoetxean ohikoak diren edukiak eskaintzen jarraitu zuten sarean ere.
“Zalantzekin” zabaldu. Gerora, baimena eduki zutenean, ateak “zalantza askogaz” zabaldu zituztela dio, “zerbitzu publiko bat ematen ari baitira”. Zerbitzu publiko bat ematen duten heinean, egiteko eta emateko orduan “eredu” izan behar dute. Era berean, aukera bat ere ikusi zuten: “Ingurumenagaz, eta bereziki, Urdaibaiko Biosfera Erreserbagaz berriz elkartzeko aukera ematen genuen; aukera ona da etxebizitzetan hainbeste denbora sartuta egon ostean”.
Beharrezkoak ziren segurtasun eta higiene neurri guztiak bete behar zituzten, eta horiek guztiak betetzen zirela bermatu behar zuten, gainera. Lehenik eta behin, langileen espazioak berrantolatu zituzten, arriskuak ekiditeko; batetik, langileengatik, eta bestetik, bisitariengatik.
Zentroa kontuan hartuta, berriz, gogora dakar hasieran ezin zitekeela barrua erabili: “Erakusketa bisitatzeko aukera zegoen, baina ezin zen auditorioa erabili ezta tailerrentzako espazioak ere”. Kanpoan gauzak egin ahal izatea, hala ere, “aukera” modura ikusi zuten, “gizakia ingurumenagaz harremanetan” jartzen zutelako berriro ere. “Hori da, hain zuzen ere, guk hemen egiten duguna”.
Hala, irteera gidatu desberdinak egiten hasi ziren Urdaibaiko ekosistema desberdinak erakutsiz, une bakoitzean bete behar zuten aforoa errespetatuta. Gaur egun, kanpoaldeko jardueretan bost pertsona eta gidaria egon daitezkeela dio.
Hala ere, gerora gauzak aldatzen joan ziren, eta egunez egun “inprobisatzen” joan dira. Barruko espazioak erabiltzeko aukera eduki zutenean, edukierak mugatu zituzten, eta beharrezkoak ziren neurriak hartu zituzten. “Gauzak ondo egin behar dira, eta gure eskuetan dagoen guztia egin gura izan dugu zentroa segurua izan dadin, eta bisitariak horrela sentiarazteko”.
Barruan tailerrak egiteko aukera izan dutenean, horietako asko bikoiztu egin behar izan dituzte, eta bi txandatan egin, edukieraren mugagatik; “jendeak erantzun egiten baitu, eta etorri egiten da. Itxaron zerrendak eduki ditugu kasu askotan”.
Zentroaren barruan, joan-etorriak berrantolatu dituzte. Hau da, gaur egun, sarrera eta irteera puntu desberdinak daude, lehen ez bezala. Behegainean distantziak ere zehaztuta dauzkate, eta harreratik gehienezko edukierak kontrolatzen dituzte: “Gehienezko edukierak ere momentuaren arabera aldatu egin dira, eta horietara egokitu behar izan dugu”. Gainera, gune desberdinetan gel hidroalkoholikoa jarrita daukate bisitarien eskura.
Eskaintza berria. Iazkoa urte “gogorra” izan zela dio Perez-Agotek. Bisitarien kopurua ere nabarmen jaitsi da. Baina, aldi berean, berrasmatzeko balio izan die. Hau da, gauzak beste modu batera egiten ikasteko eta eskaintza berria sorrarazteko balio izan die, ikastetxeentzat zein bisitarientzat.
Eskaintza berri horren baitan dago aurten eskola programa didaktikoaren baitan sartu duten Iraun programa. COVID-19ak sortutako osasun egoeraren ondorioz Urdaibaira hurbiltzea posible ez duten ikastetxeei zuzendutako programa da, hain zuzen ere. Aipatu programa ikastetxeetan bertan edota horiek dauden udalerrietan lantzeko sortuta dago. Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako erronka jolas bat da Iraun. Helburu nagusia Garapen Jasangarriaren Helburuak eta, oro har, jasangarritasuna lantzea du, eta ihes gela baten metodologia erabiltzen dute. Programa berria “oso ondo pentsatuta eta orekatuta” dagoela uste du Perez-Agotek, eta bat dator, gainera, ikastetxeek behar dutenagaz.
“Asmatu” egin dute aipatu pogramagaz; “%100 beteta ditugu eskola programako jarduerak”. Programa berriak izan duen harreragaz eta erantzunagaz oso pozik daude. “Egia esan, aurten komunikazio lan garrantzitsua ere egin dugu. Zuzenean deika ibili gara ikastetxeetara”. Iraun programa “oso ondo” baloratzen ari direla dio Perez-Agotek, eta mantentzeko eskaera egiten die: “Ikastetxeentzat oso erosoa da gu hara joatea”.
Gaur gaurkoz, hala eta guztiz ere, ez dakite normaltasunera bueltatzean programa horregaz jarraituko duten: “Egokiena litzateke ikasleak Urdaibaira etortzea, inguru hau ezagutzeko. Baina aurten egokitu beharra izan dugu”.
Aurtengo eskaintza berriak erantzun oso ona izan badu ere, oraindik Busturiko Ekoetxea Urdaibaira hurbiltzen diren ikastetxeak era badaude, ohiko eskola programaren unitate didaktikoren batean parte hartzeko. “Zalantza asko izaten dituzte, gaur egun dauden gune gorriekin dauden murrizketak kontuan hartuta. Guk zentrotik nora eta zertara datozen argitzen duen agiri bat bidaltzen diegu”.
Gogora ekarri duenez, aurreko urteetan ere eskola programaren balorazioa oso ona izan da. “Irakasleek oso ondo baloratzen dute gure lana. Hamabi urte daramatzagu lan horretan, eta badakite zelan lan egiten dugun. Badakite neurri guztiak beteko ditugula eta material guztia desinfektatuko dugula”.
Busturira mugatu. Une honetan herriak berriro ere perimetralki zarratu daude, hortaz, Busturiko bizilagunei bideratutako jarduerak baino ezin dituzte antolatu. Dena den, orain arte egin modura, ez dira geldirik geratuko. Busturiko jendeak, gainera, erantzun egiten duela dio, eta joaten dira Ekoetxea Urdaibaik antolatzen dituen jardueretara.
Urte “zaila eta gogorra” izan bada ere, “oso pozik” daude: “Sarean eskainitako programazioak harrera ona eduki zuen, Iraun programaren erantzuna ere oso oso ona izan da. Agian falta zaiguna da jende gehiago animatzea asteburuetako ekintzetara, baina orain, zaila da, ezin daitekeelako mugitu, hori jakin badakigu”.
Gainera, Ekoetxea Urdaibaik egiten duen lanak zentzua daukala uste du. Dioenez, hori da, hain zuzen ere, jendeak gaur egun eskatzen duena: “Bizimodu iraunkorragoa eroatea, inguruagaz iraunkorragoa izatea,… eta hori da guk hemen erakusten duguna”. Konturatu dira, gainera, jende askorengan portaera aldaketa eman dela. Hala, lehen merkataritza guneetara joaten zirenak ere orain Ekoetxea Urdaibaira joaten direla aipatu du. “Uste dut koronabirusak ondorio positiboak izango dituela jendearen portaeretan, espazio naturalak gehiago baloratzen hasi direlako”.