Gure hizkuntza birtuala ere bada
Beste hizkuntza batzuetan kaleratzen diren bideo-jokoak euskaratzeaz gain, joko birtualen munduaren inguruan komunitate euskalduna sortzen lagundu du Game Erauntsia elkarteak.

Euskaraz jolasterik badagoelako, baita modu birtualean ere. Game Erauntsia elkarteko kidea da Lander Unzueta Lekerikabeaskoa gernikarra. Bideo-jokoak euskaratzen dituen elkarte hori aurrerapen ugari lortzen ari da euskararen arloan ere. «Game erauntsia 2014. urtean sortu zen, euskara eta bideo-jokoak uztartzeko. Izan ere, urte hartan ez zegoen euskaratutako bideo-jokorik, ezta mundu horretan murgiltzen zen komunitate euskaldunik ere», azaldu du Unzuetak. Bloga sortu zuten, eta lehiaketaren bat edo beste antolatzen hasi zuten ibilbidea. Gaur egun, askoz gehiago da elkarteak eskaintzen duena. 2016an egin zuten elkartea ofiziala, eta gaur egun komunitatea Euskal Herri osora heltzen da, «asko hazi da».
Hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, eta umeekin batzeko Gamer gela moduko salak dituzte. Bideo-jokoen itzulpenean buru-belarri dabiltza elkarteko kideak, eta jardunaldi desberdinak ere egiten dituzte. Jokoteknia da horietako bat, urtero antolatzen dutena, Azkue Fundazioagaz elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Modu presentzialean egin ohi dute, baina 2020an ez da posible izan parte hartzaileekin leku berean biltzea. «Hizlari eta antolatzaileak bakarrik batu dira, eta publikoarengana heltzeko Youtube eta Twitch erabili ditugu». Horretaz jabetu direla aitortu du Unzuetak, «bide digitala ere badagoela bideo-jokoetarako».
Hitzaldiak eta tailerrak ere eskaintzen ditu elkarteak, Twitch plataforma erabiltzen ikasteko edota beraien blogean erredaktore aritzeko, besteak beste. Youtuberen antzekoa da plataforma hori, baina zuzenekoak egiteko aukera ematen duena. Bideo-jokoen munduan eta streamerrek asko erabiltzen duten arren, bestelako edukinak ere biltzen dituela azaldu du Unzuetak. «Norbere burua grabatu daiteke, zuzenean jolasten, eta jarraitzaileek zuzenean parte hartu dezakete, bertan dagoen txatean idatzita. Interakziorako aukera ematen du, beraz».

Lander Unzueta gernikarra Game Erauntsia elkarteko kidea da
3000 twitz kanpaina. Urteotako eboluzioan bideo-jokoen munduan eta jokalarien artean euskararen erabilerak gora egin duela ohartu dira elkartekideak. «Guk jokoak euskaratzen ditugu, baina garatzaile euskaldun asko ere hasita daude jokoak argitaratzen, proiektu txikiak badira ere. Gainera, nahikotxo dira horretan dabiltzanak. Guk jokoak euskaratu egiten ditugu, badaude beste batzuk euren kontura euskaratzen dituztenak, eta orain gero eta gehiago dira beraien jokoak euskaraz sortzen dituzten garatzaileak».
Hala, euskara esparru horretan hartzen ari den indarragaz ohartuta, 3000 twitz kanpaina ipini zuten abian iaz. Plataforma horretan euskararen presentzia bermatzeko kanpaina da. «Asmoa ez da aplikazioa bera euskaraz egoteko eskatzea. Hori baino, gure eskaera da bilatzailean euskarazko jokalariak identifikatzeko aukera ematea».
Hiru dira kanpainaren helburuak: Twitchen euskara hizkuntza ofiziala bihurtzea, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea eta ingurune digitalean euskaraz bizitzea ahalbidetzea. Horrela, euskaraz jolasten dutenen komunitate hori plataforma horretan batzea ere posible litzateke. Unzuetak dioenez, badaude Busturialdeko bizilagunak plataforma horretan euskaraz aritzen direnak; bermeotarrak eta gernikarrak.
Kanpaina hasi zutenean 3.000 babes lortzea zen asmoa, eta dagoeneko 4.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. «Askoren artean, Ibai Llanos streamerrak ere babestu du kanpaina», Unzuetak zehaztu duenez. Kataluniak 2019an egin zuen hizkuntzaren eskaria, eta katalana onartuta dago.
Mundu horretan euskararen alde egiten den lana garrantzitsua dela azpimarratu du Game Erauntsia elkarteko kideak, publikoa gaztea delako, eta hurrengo belaunaldiek euskaraz kontsumitzeko ohitura hartu dezaketelako. «Aisialdian ere euskara presente egotea garrantzitsua dela uste dugu, eta bideo-jokoek gazteengan eragin handia daukate».
Egin eta eragin. Bideo-jokoen erabilerak, gainera, gora egin du pandemia egoeran, eta elkartera hurbildu eta komunitateagaz bat egin duten kopurua ere hazi egin da. Eboluzio horregatik, iaztik hona langileak ditu elkarteak. Joan den urtean, esaterako, FIFAren euskal txapelketa antolatu zuten, eta finala Hamaika Telebistak eman zuen. Parte hartzea handia izan zela dio Unzuetak: «Eragile bihurtu gara euskarazko bideo-jokoen kontsumitzaileen artean; ez dago gurelako beste komunitaterik».