Loreak jarri dituzte holokaustoaren biktimak gogoan izateko
Askatasun haizea herri ekimenak Gernika-Lumoko Astrako babeslekua aukeratu du loreak jartzeko. Busturialdeko zenbai herritar ere kontzentrazio esparruetan egon ziren, eta horien oroimenez jarri dituzte loreak.
Holokaustoaren biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna da gaur, urtarrilak 27. Horiek gogoan izateko, askatasun haizea herri ekimenak loreak jarri ditu Gernika-Lumoko Astrako babeslekuan.
“Gernika-Lumotik aire erasoen babeslekuan, nazi eta faxisten bonba erasoetatik herritarren gordelekua izan zen tokitik gure memoria antifaxistaren konpromisoa aitortu gura dugu. Gure gogoeta nazismo eta faxismoaren aurka borrokatu zuten burkideentzako da, bizia eman zutenentzako”, esan dute askatasun haizea herri ekimeneko kideek.
Kontzentrazio esparruak askatu ziren egunean, gogora ekarri gura izan dituzte eremu horietan «erail» zituzten euskaldunak; “iturri batzuen arabera, 200dik gora izan daitezke”.
Gogora ekarri dutenez, Busturialdeko herritarrak ere nazien presoak izan ziren. Denetara zenbat izan ziren jakiteko datu zehatz-zehatzak ez dituztela aipatu dute, baina batzuen berri badaukate. Esaterako, Mauthsusengo kontzentrazio esparruan desagertu zen Pedro Madariaga bermeotarra aipatzen dute. Busturiarrak ere badaude zerrendan, Anjel Lekuona da horietako bat. Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu ostean, Frantziara ihes egin eta Gurs-eko errefuxiatu gunean eduki zuten konfinatuta. Naziek atxilo hartu eta Flossenburgen fusilatu zuten, aliatuak hara sartu baino egun batzuk lehenago. Roman Orbe busturiarraren aztarnak Gurseko esparruan galtzen direla diote, “desagertutzat eman zen”. Eta, Pedro Arronategik Frantziara alde egin, eta Gestapok atxilotu zuen. Tuberkulosiarekin gaixotutakoentzako ospitalean utzi zuten preso, eta kutsatuta hil zen.
“Ez ditugu ahaztuko. Horien borroka presente dago oraindik, eta horien oroimena mantentzeko egin dezakegun hoberena horien borrokan tinko jarraitzea da. Askatasunaren alde eta faxismoaren kontra lehen, orain eta beti”, esan dute.