Argiaren eta iluntasunaren keinu
2020ko udan 'Aritzakoa' filma grabatu zuen Oskar Alegria zuzendari nafarrak Ean. Lekeitioko Santa Katalinako itsasargiarekin "filmaren metrika" aurkitu zuela dio.
Legerik gabe egindako filma da Aritzakoa, “argiaren bidaia eta iluntasunarena segitu” ditu Oskar Alegria zuzendari nafarrak. Iazko udan Ean egindako egonaldian grabatutako lana da, eta izenburuak hango Aritza hondartzari egiten dio erreferentzia. Argiaren eta iluntasunaren bidaia jarraitu zuela dio, Lekeitioko Santa Katalinako itsasargiarekin “filmaren metrika aurkitu” zuelako. Dioenez, itsasargi guztiek badute “bere kode konretua”, argi distiretan eta iluntasunetan neurtzen dira. “Gure memoria bezala”.
Uztailean eta abuztuan aste bana egon zen udalerrian. Nafarroatik itsaso eta hondar egarriz etorri, eta Bizkaiko kostaldeko herri txikitik Aritzakoa eroan zuen bueltan. “Gozamen eta luxu bat izan da Ea herriko jendearekin lan egitea, zinez gutun zuria eman baitzidaten nire proiektua libre eta legerik gabe garatzeko”. Baina, iazkoa ez zen izan bere lehen egonaldia. Poesia Egunengatik ezagutzen zuen Ea, ikusle moduan egona baitzen: “Poesia xerka joan nintzen lehen aldiz, hori ere paisaia da”.
Haren esanetan, Ean lege zaharra ez da betetzen. Gauak ez dio lekukoa pasatzen egunari, ateak ez dira eskuz jotzen eta arbolen erroak ez daude beti lurpean. Aritzakoan kontatzen dena baino kontatzen ez dena da garrantzitsuena. “Agian kondatzen ez dena da inportanteena. Edo zuzeneko modu batean erraiten ez dena. Gai-jartzailearen figura eta estiloa presente izan dira filmean. Aski miresten dut gure kulturako figura hori, istorioaren abiapuntua emaiten dakielakotz eta batik bat noiz ixildu behar den maisuki menperatzen duelakotz istorioa libre uzteko”, azaldu du zuzendariak.
Bere asmoa da proiektuagaz segitzea eta beste formak batzuk ematea, urte amaieran beste ekitaldiak antolatzeko.
Abenduaren azken asteburuan, Ea, h-a galdu zuen… erria kultur topaketan aurkeztu zuen filma, Eskolondon: “Bi emanaldi egin genituen, bi egun ezberdinetan. Azkar agortu ziren sarrerak. Jendea kultur gose dagoenaren seinalea. Gainera, Mari Luz Esteban eta Metrokoadroka kolektiboak prestaturiko Andrezaharraren manifestua estreinatu zen. Zinez bidaide eta gogaide apartak izan ziren”.