I. Arronategi eta M. Ibaibarriaga: "Ikasleria infantilizatuta dago, autoritarismora ohitzeko
Hezkuntza alorrean autoritarismoa areagotu egin dela diote IKAS plataformako eta IAko kideek, eta horren aurkako kanpaina abiarazi dute Lea-Artibain eta Busturialdean. Izar Arronategi IKAS plataformako kidea da, eta Maren Ibaibarriaga IAkoa, eta horren guztiaren berri eman dute.
Busturialdean sortu berri den IKAS plataformatik bideratuko da autoritarismoaren aurkako kanpaina, eta Lea-Artibain IAren eskutik. Zergatik orain?
Izar Arronategi: Pandemiak hezkuntza sistemaren baitan aurretik ere existitzen ziren gabezia eta arazoak are gehiago azalerazi eta areagotu ditu. Pandemiaren aitzakiapean hainbat neurri hartu dira, hezkuntzan autoritarismoa areagotuz. Agerian da boterea era arbitrarioan aplikatzen dela ikasle langileon gainetik. Horregatik, kanpaina Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña lelopean hasi dugu, ikastetxeetan ematen den boterearen arbitrariotasuna salatu eta desegiten saiatzeko autoritarismoa baimentzen duten bitartekoak deuseztatuz.
Maren Ibaibarriaga: Hori da. Ikasle Abertzaleok kanpaina politikoa abiatzeko beharra ikusi dugu, eta horregatik bat egin dugu IKASek abiatutako kanpaina politikoagaz.
Lea-Artibain zergatik ez da sortu IKAS plataforma?
M.I.: IAko taldea aurten eratu da Ondarroan, eta oraindik lan asko dugu egiteko. IKAS bezalako plataforma batek ikasleriaren antolakuntza maila handiago bat eskatzen du. Hala ere, bide hori egiten ari gara, eta borroka hau esperimentu bat izango da.
Non igartzen duzue autoritarismoa areagotzen ari dela?
I.A.: Hezkuntza prozesuaren kalitatearen beherakada eman da, eta horregaz batera, autoritarismoaren gorakada. Hau gure egunerokotasunean ikus dezakegu: gehiegizko lan karga eta etxeko lanak, azterketa asko, partikularren beharra… Zentzu horretan, ikasleok erabakitzeko gai ez garen subjektu moduan tratatuak eta heziak gara. Era berean, plataforma birtualek gure ikasketa prozesuan duten garrantzia izugarri hazi da, eta horrek asistentziaren edo lanak aurkezteko epeen zorroztasuna ekarri du.
Ikasleek gero eta ahots gutxiago duzuela iritzi duzue. Ez dago horretarako gunerik?
M.I.: Uste dugu ikasleria gero eta infantilizatuago dagoela. Gure ikasketa prozesuari dagozkion erabaki guztiak gu ez garen agenteek hartzen dituzte. Hau sorgin-gurpil bezalako bat da gainera. Izan ere, zenbat eta infantilizatuago egon ikasleok, gero eta ikasleria otzanagoa sortzen da, kritikotasunik gabea eta esanekoa. Proposamenak egiteko guneei dagokienez, gizarte kapitalista honetan demokrazia eredua ordezkaritza bidezkoa den bezalaxe, ikastetxean ere, parte hartzeko guneak ordezkaritzara mugatuta daude. Urtean behin aukeratzen den ordezkari bat dago klase guztietan eta, berez, haren bidez egiten dira proposamenak. Hala ere, oso gutxitan izaten da hori eraginkorra, izan ere, ikasleria osoa antolatzen ez bada, oso zaila da guztien hitza nolabait islatu ahal izatea. Ordezkarien lanak balio ahal izateko, askoz haratago doan antolakuntza behar du ikasleriak. Bestetik, parte hartzeko espazio horietan ere instituzioak berak ezartzen du non, noiz eta nola parte hartu daitekeen, eta sarritan burokraziaren bideetan galtzen dira proposamenak.
Zeintzuk neurri hartu dituzte pandemiaren aitzakiapean?
M.I.: Hezkuntzan sakoneko aldaketak emango dira, gizarte eredu autoritariora ohitzen joan gaitezen. Horren ezaugarri nagusia ere autoritarismoa dela uste dugu, hezkuntzan infantilizazioaren, diziplinatzearen, kontrol sozialaren eta askatasun politikoaren ezabapenaren bidez emango dena.
I.A.: Kontrol soziala egikaritzen duten plataforma digitalen erabilera, esaterako: faltak eginez gero, gurasoei jarraian helaraztea, ikasleoi plataforma horietara sarbidea debekatzea… Aipagarriak dira baita ere COVID-19a saihesteko hartutako eta askatasun politikoak debekatzen dituzten salbuespen neurriak: asanbladak, hitzaldiak, aurkezpenak egiteko aukerei trabak jartzea, propaganda egiteko trabak jartzea…
Egungo ikasleek ze errealitate bizi duzue?
I.A.: Presio izugarria sentitzen dugu ikasleok. Izan ere, nabaria da gure gain jausten den lan karga izugarria. Azterketa kopurua desorekatua izaten da askotan, eta sarritan azterketa gehienak egun edo aste beretan metatzen zaizkigu. Horri guztiari, Batxilergokoen kasuan, nota jakin bat behar izatea gehitu behar zaio. Bestalde, maskarekin ikasgela batean egunero zortzi ordu egoteak antsietatea eta estutasuna eragiten du gugan.
Eskola orduetatik kanpo lanak aurkezteko aukera emateak ez du malgutasun edo denbora gehiago ematen?
M.I.: Aukera bat bada, bai. Guk ez dugu ukatzen aukera hori posible izatea. Baina beti ez da izaten denbora gehiago emateko. Adibidez, hurrengo klaserako ekarri ahal dugun lan bat egunean bertan classroom-era igo behar izatea. Guk proposatzen duguna da aukera hori ezabatzea. Uste dugu desberdina dela kontzeptua: kasu batean, denbora gutxiago ematen da normalean baino, eta beste batean denbora gehiago. Gure eskaera da denbora murrizte bat suposatzen duenean classroom-en bidez lanak aurkezteko orduak eskola-orduetatik kanpo ezartzea.
Plataforma digitalak «baliabide errepresiboak» direla diozue. Zergatik?
I.A.: Gure ikastetxean, esaterako, INIKA plataforma digitala daukagu. Hau, beste plataforma digitalak bezala, irakasle eta gurasoak komunikatzeko tresna hutsa da; ikasleon gehiengoak ez dugu sarbiderik. Horrek agerian uzten du ikasleon gaineko kontrol mekanismo huts bat dela. Gure kasuan, faltak zuzenean gurasoei helarazten zaizkie, lanak egin ezean bertatik jakinarazten dute, notak guri eman bezain pronto bertan argitaratzen dituzte…
M.I.: Kontrol soziala zuzenean ematea ahalbidetzen dute. Ikasleoi gure ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia kentzen digu, eta infantilizatu egiten gaitu, gure gorabehera guztiak gugaz konpondu beharrean gurasoak tartean sartuz.
Horren guztiaren aurka egiteko, zer ari zarete egiten?
I.A.: Gernika BHIn, esaterako, aste batean azterketa kopuru jakin bat (3 azterketa edo gehiago) izanez gero, aste berean notarako diren lanak aurkezteko epea astebetez luzatzeko aukera edukitzea eskatu dugu, lehenago irakasleei jakinaraziz. Zuzendaritzari eskaera helarazi genion, eta haiekin bildu gara. Beraz, negoziazioak aurrera jarraitzen du.
M.I.: Ondarroa BHIn gure helburua da lan politiko eraginkorraren bitartez ikasle langileon mesederako neurriak betearaztea. Horretarako, asanblada bat egin genuen, eta zuzendaritzari negoziaketa mahai bat irekitzeko eskaera egin genion. Horren araberakoak izango dira hurrengo pausoak.
Momentuz, hiru aldarrikapen nagusi dituzue. Zeintzuk dira?
I.A.: Ikasleriak ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia edukitzea, ikasleria subjektu politiko gisa aitortua izatea eta kontrol soziala egikaritzen duten baliabide errepresibo guztiak bertan behera uztea.
Eta ikaslegoaren gehiengoak aldarrikapen horiekin bat egiten du?
I.A.: Ikastetxeko analisi baten osteko ondorio gisa agertzen zaigu borroka hau, aukeraketa horretan garrantzitsua baita ikaslegoaren gehiengoak borrokarekin bat egitea. Horrela izan ezean borrokak ez luke aurrera egingo. Izan ere, IKAS ikasleria langilearen interesak defendatzeko tresna gisa jaio da. Hau dela eta, Gernika BHIn gure borrokaren sozializazioa gure gain hartzen ari gara, garrantzitsua deritzogu eta, ikasle langileon antolakuntza bultzatzea.
M.I.: Bai. Kanpaina hau gure eskualdean IAtik abiarazi arren, Izarrek esan duen moduan, ikasleriaren gehiengoak bat egingo ez balu ez genuke abiatuko borrokarik. Ikasleen arteko asanbladak eta arazoaren sozializazioa egiten ari gara orain, eta momentuz babes handia lortu dugu. Lehengo astean botazioa egin genuen klaseetan, eta ikasleen %75 zegoen neurri aldaketaren alde. Hala ere, datozen asteetan eskatzen dugun neurriaren zehaztapena ahalik ondoen egiten saiatuko gara, eta ahalik ikasle gehienen arteko adostasun batera heltzen.
Ikasleen etorkizuna nola ikusten duzue?
M.I.: Gaur egun gertatzen ari diren aldeketa guzti hauek burgesiaren ofentsiban gorpuztuko dira, gizarteko sektore gero eta zabalagoen proletarizazio prosezuari bide emanez. Autoritarismo honekin jarraitzen badugu, ikasle langileon baldintzak progresiboki okertzen jarraituko dute eta hezkuntzan erreforma ezberdinak aurreikusgarriak dira. Guztiok batuz, honi aurre egiteko gai gara.