Haurreskolak Partzuergoak bost greba egun deitu ditu
Datorren asteko astelehenean eta eguaztenean eta otsailaren 22an, 23an eta 24an egingo dituzte lanuzteak.
Haurreskolak Partzuergoko sindikatuek mobilizazio eta greba egun gehiago deitu dituzte. LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariek esan dutenez, bost greba egun deitu dituzte. Datorren astean egingo dituzte lehenengo bi lanuzteak, astelehenean eta eguaztenean, hain zuzen ere. Otsailaren 22an, 23an eta 24an izango dira hurrengoak.
Sei dira, hain zuzen ere, egun horietan kaleratu gura dituzten aldarrikapen edo eskaerak: Haurreskolak partzuergoa doakoa izatea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, dauden akordioak “errespetatzea eta betetzea”, lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, langileen behin-behinekotasun tasarekin amaitzea, lanpostuak egonkortuz, aurrekontua handitzea eta Osakidetzak irakaskuntza publikoko langileak COVID 19 birusagatik babesteko materialarekin hornitzen dituen moduan hornitu ditzala Haurreskoletakoak ere.
Beste alde batetik, Hezkuntza Sailak orain arteko bileretan izandako jarrera ere salatu dute sindikatuek, eta Jaurlaritzari eskatu diote etorkizunaz “argi hitz egiteko”.
Azaldu dutenez, abenduko bi greben ostean bilera batera deitu zituzten, eta bertan izan ziren lehenengoz Hezkuntza Saileko hainbat ordezkari ere. Hala eta guztiz ere, haurreskolen etorkizunaren inguruan zituztenak baino “zalantza eta kezka gehiago eta larriagoekin” atera zirela azaldu dute.
Aipatu dute, gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak inposatutako gai ordenarekin egin zela bilera: “Abenduko grebak deitzeko aldarrikatzen genituen aldagaiei puntu bakar bat ere ez zieten eskaini, aldez aurretik espresuki eskatu genien arren. Haien asmoa kudeaketa langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, horregatik ez zuten negoziaziotzako inolako dokumentaziorik aurkeztu”.
Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak, alderdi politikoak eta udalak “zerbitzu publiko horren garapenerako aldarrikapenekin bat egitera” deitzen dituzte, “abenduaren 10 eta 16ko grebetan hainbat herritan egin zuten bezala”.