Klima Aldaketara Egokitzeko Plana prest dauka Eako Udalak
Klima aldaketaren balizko ondorioen aurrean ekintza-estrategia bat osatu dute. Lurraldea bera eta dauzkaten baliabideak kontutan hartuta neurriak zehaztu dituzte.
Klima Aldaketara Egokitzeko Plana idazteko prozesua amaitu dute Ean. Klima-aldaketak udalerrian planteatzen dituen erronkei aurre egiteko “konpromiso zehatz eta ukigarria” hartzeaz arduratzen den plangintza-tresna da, eta udalak etorkizun hurbilean karbonoan egoera neutroa lortzeko bultzatutako proposamenaren “funtsezko piezetako bat” da.
Plan horrek klima-aldaketaren balizko ondorioei dagokienez udalak duen kalteberatasuna aztertu eta balioesten du, eta, era berean, ekintza-estrategia bat planteatzen du, lurraldea egoera berrira egokitzeko prozesua antolatu eta koordinatzeko: “Erronka handi hori, globala eta epe luzekoa, aintzat hartzeak definitzen du herri honek bere etorkizunari buruz duen ikuspegi estrategikoa; ikuspegi horretan sartzen dira biztanleen ongizatea, bizibideak, mugikortasuna, lurraldearen osasun ekologikoa eta, bereziki, eredu energetikoa”.
2019an Larrialdi klimatikorako adierazpena onartu zuten Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan eta baita hainbat udaletan ere, tartean Eako osoko bilkuran. Kompromiso zehatz batzuk hartzen zituzten adierazpen horretan. “Gauza bat da larrialdi klimatikoa deklaratzea, eta beste gauza bat da zer egiten duzun horrekiko, zure eremutik zer gauzatzen duzun. Horien artean zegoen horri aurre egiteko plan bat idaztea. Gure kasuan udal mailatik. Egia da hau gauza oso makroa da, eta gauza desberdinei eragiten diela, baina mikrotik ere egin ahal diren gauza batzuk daude. Egin ahal diren gauzak egin aurretik, plangintza bat edukitzea beharrezko da, eta hori egin dugu”, esan du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Planteatutako estrategiak, alde batetik, Ean espero daitezkeen inpaktu nagusiak jorratzen ditu (ibai-uholdeen arriskuekin, itsas mailaren igoerarekin eta maretoiekin lotutakoak), bai eta horiek biztanlerian, ondasun materialetan eta udalerriko ekoizpen-egituran dituzten ondorioak ere.
Bestalde, egungo kontsumoak tokiko gaitasunetara eta energia-testuinguru globalera modu koherente eta integratuan egokitzeko energia-agertoki berriak planteatzen dituen beharrei erantzuten die, jasangarritasuneko, energia-efizientziako eta autosufizientzia konektatuko formulak aplikatuz.
Denen erantzukizuna
Etorriko den horretara moldatzeko, egokitzeko tresna da. “Gauza bat da zelan moldatuko den herri edo herrialde bat larrialdi klimatikora, eta beste bat da hori saihestea. Zientzialariek esaten dutenez, orain bizi ditugun egoera klimatiko bortitz hauek badaukate zerikusia aldaketa klimatikoagaz. Filomenak, adibidez. Urakanek, euri jasek, sikatek… gauza desberdinek. Hemen denok daukagu zer edo zer egiteko. Epe laburrera jarduteko gero eta premia gehiago, beharrizana ikusten da. Eatik ez dugu mundua aldatuko, hori argi dago, baina Eak berak aurre egiteko da”.
Ekintza-estrategia bat planteatzen dute, udalerria egoera berrira egokitzeko prozesua antolatu eta koordinatzeko
Proiektu honetarako Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak emandako diru laguntza jaso du udalak. “Eta plana osatzeko, At clave talde idazlea kontratatu genuen, udalerriaren analisia egiteko. Eduki ahal ditugun arrisku potentzialei erantzuteko programa edo plangintza bat aurkezteko, neurri desberdinekin”. Neurri batzuk epe laburrera hartzeko dira, beste batzuk luzeagora, batzuk merkeagoak, beste batzuk garestiagoak. Neurriak lurraldea bera, bere baliabideak eta bertako pertsonak kontutan hartuta zehaztu dituzte. Lehentasunak ere ezarri dituzte: “Ez da momentu batetik bestera egiteko gauza bat. Bide-orri bat da. Ze pauso ematen joan jakiteko bide-orri bat da”.
Besteak beste, uholdeen edo suteen aurrean zer egin, ze neurri hartu aurre egiteko eta energia hornikuntzaren aldagaiak planifikatu dituzte. Lan teknikoa egin dute. “Udalaren helburua da herri resilienteak izatea, hau da, aldaketari aurre egiteko gai izango dena. Atzean ez geratzea; datorrenari aurre egiteko modukoa izatea herria, bizi baldintza duin batzuk emateko. Adibidez, ur kantitate nahikoa izango duena, hondakinen kudeaketan arduratsua izango duena, uholdeen kasuan horie aurre egiteko, errekak zainduko dituena, energia alternatibak landuko dituena, propioak edo autosufizienteak edo dena delakoak”, azpimarratu du alkateak.
“Pila bat gauza daude aldaketa klimatikoan eragiten dutenak, eta gauza horiek beste era batera eginez gero, arazo gutxiago sortzen dira. Orain arte gauzak egiten ibili gara, baina plan honegaz, planifikazio edukita, bai epe motzera, ertainera eta luzera ere joan ahal gara intuizioz egin ditugun gauza horiek gorpuzten eta ardazten”.
Udalaren Plan Energetikoa
Hartutako konpromisoetako bat izan da Klima Aldaketara Egokitzeko Plana egitea, eta beste bat da Udal Plan Energetikoa idaztea, eta horretan ari dira. “Martxan dago”. Udal Plan Energetikoaren diagnostikoa osatzen dabiltza:”Plan energetiko hori da herriko beharrizan guztiak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko energia berriztagarriekin plangintza bat egiteko. Printzipioz, herri guztiek egin beharko lukete”.
Azken urteetan ingurumenagaz lotutako hainbat konpromiso hartu eta pausoak eman dituzte, eta esate baterako, energia berriztagarriaen aldeko apustua egin du udalak:”Txikiak badira ere, bagabiltza gauza desberdinak egiten norabide batean”.
Besteren artean, orain dela urte batzuk bost kilobatioko instalazioa jarri zuten bero-bonba bategaz Eskolondo hornitzeko, eta bost kilobatioko plaka horiek 100 kilobatiora pasatzeko proiektua daukate. “Proiektua martxan dago, lanak lizitatuta daude, eta obrak laster hasiko dira”, azaldu du Arriolak. Natxituko Bolatokian geotermia jarri zuten eta Bedaronako txokoan, berriz, biomasa.
Bestalde, Bedaronako araztegi ekologikoa ere egin zuten, “energia kontsumoa zero daukana eta mantenimentu oso erraza”.
Udalaren jabetzako herri basoak bertoko baso bihurtu zituzten, eta alkateak zehaztu du basoak erosten jarraitu dutela: “Hektarea bat artadi erosi genuen, eta orain eukaliptuen sei hektarea erosteko tratua daukagu, bertoko baso bihurtzeko”.
Uraren Euskal Agentziagaz (URA)lortu zuten hitzarmena ere garrantzitsua izan zen: “Paper fabrikaren lurrak erosi genituen erreka bazterraren ingurumen-leheneratzea egiteko, eta paper fabrika eurek botatzeko. Besteak beste horrek eragina edukiko du errekak gainezka egiteko arriskuan”.