GUFEko enpresa batzordeak gizarte zerbitzuen "kudeaketa publiko zuzena" eskatu du
Gernika-Lumoko Lurgorri Eguneko Zentroa zarratzea eta Mundakako Biotz Sakratu egoitzan lekuak murriztea deitoratu dute GUFEko enpresa batzordeko kideek.
Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) langile batzordeko kideak Bizkaiko Batzar Nagusietan egon ziren barikuan. Bertan, Bizkaiko egoitzetako egungo egoeraren berri eman zuten GUFEko enpresa batzordeko ordezkariek. Hala, Bizkaiko gizarte zerbitzuen “kudeaketa publiko zuzena” defendatu dute. Era berean, sindikatuei ekarpenak egiteko aukera ematea eskatu dute.
Esan zutenez, zentroak eta zerbitzuak zarratzen ari dira, zerbitzuak pribatizatzen eta plaza publikoak murrizten. Horiek guztiak kontuan hartuta, horien iritziz, “kalitatearen degradazioa eta lanpostuen prekarizazioa” ematen ari da.
Gizarte laguntzako aldundiaren zerbitzuak hiru kolektibo artatzen ditu: haurrak eta nerabeak, adinekoak eta urritasunen bat duten pertsonak. Sindikatuetako ordezkariek azaltzen duten panorama, gainera, hiru arlo horietan errepikatu egiten dela nabarmendu dute.
Urritasunen bat duten pertsonen zentroetako zuzeneko kudeaketa publikoa azken urteetan “ez dela aldatu” kritikatu zuten, eskaria, berriz, “hazi eta hazi” egin dela aipatuta. Modu horretan, garuneko gaitza edo urritasun neurologikoa duten pertsonei eguneko arreta ematen zien Lurgorri Eguneko Zentroa zarratu izana “larria” dela uste dute, bai eta Mundakako erdigunean kokatuta dagoen Biotz Sakratu egoitzan lekuak murriztea ere. Joan den astean jakitera eman zuen Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Mundakako Biotz Sakratu adinekoen egoitzan aldaketak egiten hasi direla, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako lekuak egokitzeko.
GUFEko langileen ordezkariek jakitera eman dutenez, urritasunen bat dutenentzako gizarte laguntzako zentroetan 1.196 leku daude (%23 dira publikoak).
Gaztetxoenentzako zentroetan 818 toki ditu aldundiak, eta horietatik %13,5ek dute kudeaketa publikoa, langileen ordezkariek aipatu dutenez. “Programa batzuk, gainera, kudeaketa pribatuaren esku daude osorik, esate baterako, nerabezaroa edo emantzipazioa”. Haur eta nerabeei bideratutako zentro publikoak gutxi-gutxika zarratzen ari direla salatu dute, “pribatuak edo itunpekoak ugaritzen ari diren bitartean”.
Adinekoentzako egoitzetan, berriz, 10.748 toki daudela jakitera eman dute, eta horietatik %2,6 kudeatzen dituzte GUFEko beharginek, hau da, 266 leku. Bizkaian 154 egoitza daude, eta horietatik bik besterik ez daukate kudeaketa publikoa. Gaur egun, eguneko zentroen %100ek kudeaketa pribatua dutela azaldu dute. Langileek salatu dute, gainera, gero eta ohe gutxiago daudela egoitza publikoetan eta zerbitzuen kalitatea murrizten ari direla. Horrela, langileen ordezkariak zerbitzu guztien “kudeaketa publikoaren” alde agertu dira, eta ez bakarrik zaintzagaz zerikusia daukaten zerbitzuekin, baizik eta sukaldeagaz, garbitegiagaz eta garbitasunagaz zerikusia daukatenekin ere.