Margotutako barne kezkak
Itsasne Zubiri artistak itxialdian sortutako margolanak erakusgai ipini ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Itxialdi sasoian ez aspertzeko modua sortzea, margoztea, izan da Itsasne Zubiri artistarentzat. Hainbat lan sortu zituen itxialdian, barne bizipenak irudikatuz. Koloretan zein zuri-beltzean, margolan bakoitzak bere esanahia eta ikuspuntu kritikoa duela azaldu du Zubirik: “Lehenengo inpaktua komunikabideengandik jasotako bonbardaketa izan zen. Momenturo, ez zegoen besterik ez telebistan, ez whatsapean. Zoramena izan zen, eta birusa baino askoz bortitzagoa iruditu zitzaidan”, azaldu du artistak.
Erakusketa gelako hormetan dauden koadroez gain, piramide bat ere biltzen du Pandemian bizi izandakoa izena duen erakusketak. Piramide horrek zirkua irudikatzen du. Hala adierazi du Zubirik: “Hau guzti hau zirkua izan delako, eta oraindik ere, txertoaren kontua dela-eta, zirkua izaten jarraitzen duelako”. Goitik behera zintzilik, hainbat argazki biltzen dituen mobilak ere erakusketaren erdigunea hartzen du. “Oparitu zidaten koaderno txiki batean hasi nintzen marrazten, orrialde denak bete arte. Irudiak aurretik eta atzetik zeuden, eta guztiak erakusteko mobila sortzea bururatu zitzaidan”, azaldu du egileak.
Pandemia asko. Koronabirusa da Zubiriren lan askoren oinarria, baina bestelako arazoak ere salatzen ditu bere margolanetan. Patera bat erakusten du horietako batean, inmigrazioaren arazoak hor jarraitu duelako pandemia egoeran ere. “Horiek azaleratu gura izan ditut, inmigrazioa dagoen bezala, beste leku askotan gerrak daudelako. Gu etxean gaude, itxialdian, baina denetik daukagu”, azaldu du.
Gauzak horrela, nork bere buruaz harago begiratzeko deia egin du, “jendeak pentsatu dezala guzti honi buruz. Nork bere bertsioa du, bere errealitatea bizi du”, baina aldamenekoen paperean jartzea ere interesgarria litzatekeela uste du Zubirik: “gaixoekin bizi direnek behar eta eskari batzuk dituzte, gazteek ere beraien eskari eta beharrizanak dituzte, nik nireak izango ditut… ulergarria da nork bereari begiratzea, baina besteen lekuan ere jarri beharko genuke”. Hala, bizi dugun egoeran, alaitasuna beharrezkoa dela gaineratu du artistak. Lanak sortzerakoan ikuspuntu kritikoa txertatu duela dio, baina alde positiboak islatzen ere saiatu da, elkarri laguntzeko gonbidapena egiten duen Eskua emanda koadoan bezala.
Erakusketa urtarrila bukaera arte egongo da ikusgai, Gernika-Lumoko Kultur Etxean.