Bermeoko Herri Babeseko boluntarioek sute gutxiagotan parte hartu dute 2020an
Iaz 23 sute itzaltzeko lanetan parte hartu zuten Bermeoko boluntarioek; 2019an, berriz, 42tan. Urtarrila "gogor" hasi dute.
Iazko urtea denontzako desberdina izan zen. “Behartuta” jendea denbora gehiago egon zen etxean, eta hori 2020an gertatutako sute kopuruen datuetan nabari dela dio Bermeoko Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek.
2020an 23 sute itzaltzeko lanetan parte hartu zuten boluntarioek; 2019an, berriz, 42 izan ziren. “Jendea etxean gehiago egonik, arduragabekeriak ere gutxiago izan dira”, dio Ojangurenek. Alarma faltsuren bat edo beste ere eduki zuten, zazpi, hain zuzen ere. Koronabirusaren pandemiak, hortaz, sute kopurua jaisten lagundu du.
Aldiz, gas edo erregaien isuriak aurreko urtean baino gehiago izan ziren iaz. Biak kontuan izanik, hamalau isuri egon ziren.
Konfinamendua lanean. Bermeoko Herri Babeseko boluntarioek, besteren artean, zaintza lanak egiten eman zuten konfinamendua. Goizetik gauera, Gaztelugatxeko San Juan edota Matxitxako zaintzen ibili ziren: “Konfinamendua bete ez eta Gaztelugatxera hurbiltzen zen jendea; batez ere gauez, gunea uzten genuenean. Han aurkitzen genituen gero jendeak utzitakoak”.
Konfinamendutik kanpo Gaztelugatxeko San Juanera egindako irteerak hamalau izan ziren. Izan ere, ezbeharren bat baldin badago, SOS Deiaken abisuak jasotzen ditu Herri Babesak.
Denboraleengatik (itsaso, haize…) ere hainbat irteera egin zituzten iaz; denetara, 21. Guneak zarratu eta kasurik egiten ez duen jendea ere badagoela gogorarazi du Ojangurenek: “Esaterako, Harribolasera ez joateko harriak jarri eta horiek kentzen dituztenak daude, arduragabeak daude”. Boluntarioek ura ateratzeko lanetan ere parte hartu zuten, bederatzi alditan.
Horiez gain, esku hartze asko eta askotan parte hartzen dute Herri Babesekoek. Iazkoak hurrengoak dira: instalazio elektrikoak (9); jausteko arriskuan zeuden zuhaitzak kendu (16); fatxada eta teilen erorketa (35); sorospenak etxeetan (1); liztorrak kendu… Gainera, herrian antolatzen diren kultur ekimenetan ere egoten dira boluntarioak.
Lan horiek guztiak egiteaz gain, erreken egoerak aztertu zituzten, herriko zein BI-631 errepideko kutxatilak, oinezkoen pasabideak, edukiontziak, eraikinak, kaleak, zuhaitz guneak… Eta azterketak eginda, horiei buruzko txostenak egin zituzten.
Beste alde batetik, herrian egon daitezkeen arriskuei buruzko azterketak ere egin dituztela esan du Ojangurenek, baita ere protokolo eta autobabeserako plan ezberdinak.
Auzoz auzo. Urtarrila ere lanpetuta hasi dute Herri Babesekoek. “Herriko auzo guztietatik ibili gara elurra egin duenean. Lehen auzoetako elurra kentzen ibiltzen ginen. Udalak, orain, horretarako enpresa bat kontratatu du. Hala ere, gatza botatzen ibili gara auzo guztietatik, izotzik ez sortzeko. Gelditu barik egon gara”.
Osakidetzak Bermeo eta Mundakako herritarrentzat egin duen baheketan ere lagundu dute; sei egunez egon dira Artza frontoian, goizetik gauera: “Gogorra izan da. Jende askoren aurrean aurpegia eman dugu. Orokorrean, jendea nahiko ondo portatu da, baina beti dago lotsabakoren bat edo beste. Zenbait unetan, ilarak sortu ziren, eta jendeak uste zuen gure arazoa zela, eta guk ez genuen horregaz zerikusirik”.
Ojangurenek gogorarazi gura izan du boluntarioak direla: “Herritar gehienek baloratu egiten dute guk egiten dugun lana, beste batzuek, berriz, uste dute egiten dugun lanagatik ordaindu egiten digutela. Ordaindu egiten digutela uste dutenez, zerbitzua bai edo bai eman beharra daukagula uste dute”.
Joan den astean Ander Deuna auzoko etxebizitza batean gertatuko sutea ekarri du gogora Ojangurenek: “Suhiltzaileak heldu zirenean alde egin nuen. Hango bizilagunak txarto portatu ziren gugaz, gu iraintzen ibili ziren. Urduritasuna ulertzen dut, baina gu laguntzera goaz, gure borondatez”.
Ateak zabalik. Herri Babeseko ateak zabalik daudela gogorarazi du beste behin ere Ojangurenek; gura duenak izan ahal du boluntario. Bi baldintza bakarrik bete behar dira: 18 urtetik gora edukitzea eta Bermeon bizitzea. Interesa daukatenek Berhaz bulegoan izena eman dezakete. Hala, herritarrak animatu ditu boluntario egitera. Iaz baino “zer edo zerbait hobeto” daudela esan du Herri Babeseko koordinatzaileak; aurten, hamazortzi boluntario inguru daude. “Zenbat eta boluntario gehiago, hobeto. Horrela, eskaintzen ditugun zerbitzuak banatu ditzakegu boluntarioak nekatu barik”.