Tripontziaren sari nagusia Muxikan saldu dute
Gaur, 12:00etan egin dute zozketa; 20282 izan da zenbaki irabazlea.
Tripontzia burujabetzara bidean komiki digitalaren salmenta sustapenarekin batera, 52.000 euro zozketatu ditu Gure Eskuk.
20282 izan da zenbaki irabazlea, eta Muxikan saldu da. Hala, 30.000 euroko sari nagusia zenbaki horren Diaspora serieak irabazi du. 2.000 euroko sariak eroango dituzte zenbakiaren gainerako serieak dauzkatenek: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa.
Bigarren zenbaki sariduna Beasainen saldu da: 13402. 1.000 euro jasoko ditu zenbaki horren serie bakoitzak.
Jakitera eman dutenez, gaur, 12:00etan egin dute zozketa Beasainen, notarioaren aurrean.
Tripontzia Gure Eskuren finantziazio iturri nagusietako bat dela azaldu dute. Aurtengoan, gainera, irabazien zati bat euskal kulturgintza babestu eta sustatzeko proiektu batera bideratuko da. Dioetenez, kultur ekosistemako hainbat eragileren arteko elkarlanean oinarritzen da aipatu egitasmoa, eta garatze bidean dagoenez, aurrerago eman ahal izango dituzte xehetasun gehiago.
Beste alde batetik, Gure Eskuri dagokionez, Hamaika Gara ekimena finantzatzera bideratuko dute diruaren zati handiena.