Nagusitasunez lortutako beste garaipen bat
Ohorezko B Mailaren 8. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 7-60 irabazi dio Uribealdea RKEri.
Ohorez B mailaren 8. jardunaldian, bi talde bizkaitarren arteko derbia hartu zuen Atxurizubik, zapatuan, eta Gernika Rugby Taldea 7-60 nagusitu zitzaion Uribealdea RKE Mungiako taldeari.
Aurreko jardunaldiekin konparatuta, talde gernikarraren hasierako hamabostekoan aldaketak egin zituen Eduardo Maidagan entrenatzaileak. Lehen hamar minutuak bete aurretik markagailuan aurretik jarri ziren basurdeak, eta entsegu gehienak bigarren zatian egin zituzten.
Partiduan ondo sartu zen Gernika-Lumoko taldea, eta berehala Peio Urrutiak entsegua egin zuen, eta Siyabonga Masukuk transformatu zuen. Baina, baloiaren jabetzari probetxua ateratzea kostatu zitzaion Gernikari, eta nahi baino gehiago parkatu zuen.
Eneko Gorostizak egin zuen gernikarren bigarren entsegua. Bisitarien bi entseguen ondorioz, etxeko taldeak defentsa sendotu zuen, eta orduan lortu zuen partiduko bere entsegu bakarra. Kepa Gogenola izan zen egilea, eta Egoitz Garciak transformatu zuen. Handik minutu gutxira, lehen zatia amaitzear zela, Carlos Zavala basurdeak taldearen hirugarren entsegua egin zuen. 7-21eko markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian talde gernikarraren nagusitasuna gehiago igarri zen zelaian zein markagailuan. Egindako aldaketak onuragarriak izan ziren neurketa erabakitzeko. Aurrerapauso nabarmena eman zuen taldeak. Bigarren zatian zazpi entsegu egin zituzten basurdeek. Hiru Juan Bautista Arranzek lortu zituen, bi Estanislao Renthelek eta bana Iker Olaetak eta Albertus De Bodek.
Ligako indartsuenak, Landare Tokin. Asteburuko garaipenaren ostean, hurrengo jardunaldia prestatzeko lan gogorra daukate basurdeek. Ohorezko B Mailaren A multzoko lehenengo biak zein baino zein gehiago ariko dira 9. jardunaldian. Gernika RTk Hernani CREren zelaia bisitatuko du zapatu arratsaldean.
Bi taldeak 39na puntugaz daude sailkapenaren goikaldean. AVK Bera Bera R.T hirugarrena da, 27 puntugaz.