Kultura kalera
Photokaren argazkiekin kale erakusketa ipini du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, Artekaleko arkupeetan.
Erakusketa areto bihurtu dituzte Artekaleko arkupeak. Euskaraldian ipini zituzten oholak baliatuta, Photoka elkarteak tokiko hainbat argazkilariren lanak ipini dituzte ikusgai. Otsailaren 14a bitartean, tamaina handiko 14 argazkirekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Iñaki Unamuno, Jesus Carmona, Raul Arroyo, Joseba Moreno, Iñaki Zenigaonaindia, Ruben Petralanda, Toribio Beares, Aitor Arana, Jose Ramon Erezuma, Martin Montes, Iker Pardo eta Eneko Ibarguengoitia. 12 argazkilari horiek, zuri-beltzean zein koloreetan eta argazki-diziplina desberdinak erabilita egindako lanak dira erakusketa osotu dutenak.
Gernika-Lumoko Kultura zinegotzi Jokin Garateak azaldu duenez, erakusketa horrek ez ditu gernikarrak “axolagabe” utziko. Egungo egoeran kulturaren aldeko apustua egitea ezinbestekotzat jo du zinegotziak, eta adierazi du lehentasunetako bat dela kultura sustatzea eta babestea. “Arreta berezia ipini gura diogu aniztasun, berezitasun eta aberastasun kultural eta artistikoak zaintzeari eta mantentzeari”, dio. Halaber, Garatearen ustez, “pandemiako kulturak elkartu egiten gaitu, loturak sortuz eta banatzen gaituen distantzia laburtuz, eta itxaropena ematen digu antsietate eta ziurgabetasun egoera honetan”.