Aritz Martin hirugarren sailkatu da Euskadiko Txapelketan
Patrik Saitua laugarren sailkatu da.
Aritz Martin Olabarriaga gernikarra lokotx batzearen Euskadiko Txapelketan hirugarren sailkatu da, eta laugarrena geratu da Patrik Saitua Betanzos gautegiz arteagarra. Zapatuan jokatu zituzten lokotx batze eta ingude altxatzeen txapelketak Abadiñoko Matiena auzoko Traña frontoian.
Lokotx biltzean, kirolari bakoitzak 1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx batu behar izan zituen. Zortzi probalarik lehiatu zuten txapelketa, eta denak sartu ziren minutu eta erdiren barruan. Unai Iantzi nafarrak eginzuen denborarik onena: 6 minutu eta 2 segundo. Harengandik 12 segundora geratu zen Aitor Blanco nafarra. Martinek txapeldunak baino 20 segundo gehiago behar izan zituen lanak burutzeko. Saituak, sei minutu eta 45 segundoko marka egin zuen.
Emakumezkoetan, 7 minutu eta 32 segundo egin zituen Ainhoa Iraizoz txapeldunak. Nafarrak 24 segundo atera zizkion Maika Ariztegi bigarrenari, eta Zuriñe Frutos arabarra hirugarren geratu zen, 8 minutu eta 13 segundoko denboragaz.
Ingude proban 18 kiloko ingudeagaz ahalik eta jasoaldi gehien egin zituzten minutu eta erdian. Gorka Etxeberria gipuzkoarra geratu zen txapeldun, 87 jasoaldigaz, eta kopuru beragaz Iosu Marturet nafarrak lortu zuen bigarren postua, eta bat gutxiagogaz, Josetxo Urrutiak hirugarrena. Emakumezkoetan hiru bizkaitar geratu ziren lehen postuetan. Karmele Gisasolak egin zituen jasoaldi gehien; 97 jasoaldiko marka egin zuen, eta sei gutxiago egin zituen Valentina Rangel bigarrenak. Nerea Egurrolak osatu zuen podiuma, 90 jasoaldigaz.