Egoeraren neurrirako eskaintza berritua
2020ak ez ditu datu onak utzi Bakearen Museoan, eta bisita kopuruak %75 egin du behera; hala ere, pandemiak sortutako egoerarekin bat egiten jakin du, eta 2021ean ere eskaintza egokitzea izango da lantaldearen erronka.
Urte askotako goranzko joera eten du SARS-CoV-2 birusak sortutako pandemiak. 2020ko datuak ez dira onak izan Bakearen Museoan, eta egoera latza da kultur arloan. Hala ere, datu orokorrak kontuan izanda, emaitzak horren txarrak ere ez direla esan du Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok: «Mundu zabaleko, Espainiako eta Euskal Herriko beste museoetako datuak jasotzen ari gara, eta esan beharra dago gureak ez direla besteenak baino txarragoak. Are gehiago, beste museo batzuetako bisita kopurua %82 eta %84 artean jaitsi da, eta gure kasuan beherakada %75ekoa izan da». Bizkaiko beste museo batzurekin konparatuta ere, datuak ez dira hain eskasak: «Gure tamainako beste museo batzuek urte normal batean izaten dituzte 13.000 eta 15.000 bisitari inguru». 2020an, Gernika-Lumoko Bakearen Museoak 13.063 bisitari izan ditu.
Duela 20 urteko datuetara bueltatu da Bakearen Museoa. 2019an 53.122 bisitari izan zituzten, eta 2021ean ez dute posible ikusten galdutakoa berreskuratzea. Hala ere, eskaintza berritua eta egoerara egokitua izango du Gernika-Lumoko museoak. Horretarako lanean ari da lantalde osoa, eta prestutasuna erabatekoa dela argitu du Momoitiok.
Memoriaren ibilbide berria. Kanpoko bisitari asko hartzen izan duen museoa izan da Bakearen Museoa, baina mugikortasuna mugatuta, herriko eta inguruko jendea da erakarri nahi duena. Hala, 2021ean Memoritour desberdinen eskaintzarekin jarraituko dute. «Lanean egon gara, burubelarri, Memoritour berriak sortzen, gidoi berriak idazten, itzulpenak egiten eta buruz ikasten. Aldaketa handia izan da», museoko zuzendariak esan duenez. Gainera, orain museoko lantaldea da horiekin arduratuko dena, eta 2021ean ere asteko egun denetan eskainiko dituzte, astelehenetik domekara.
Ohiko lau ibilbideez gain, beste hiru ere aukeran izango dira urte berrian: Gernikako emakumeak: XX. mendeko aldaketak bere bizipenen bidez; Gernikako hilerria, Gerra Zibilaren lekukoa eta urte berriarekin helduko den ibilbide berria, gerrako korrespontsalei buruzko informazioa emango duena. Bestelako asmoak ere badituzte museoko arduradunek, «2021ean bi edo hiru Memoritour Euskadi egitea ere bada asmoa, baina egoeraren arabera ikusi beharko da egin ala ez».
Ikastetxeei zuzendutako Memoritourra ere badu Gernikako Bakearen museoak, eta hori ere eskariaren araberakoa izango da aurten.
Museoa online. Garaiak garai, egokitzearen aldeko apustua egina zuen Bakearen Museoak pandemia heldu aurretik. Horregatik, digitalizaziora jauzia ematea posible izan du museoa itxita egon den hilabeteetan. «Prestatuta geunden, eta gauza asko dagoeneko digitalizatuta genituen. Gainera, momenturo lanean jarraitu dugu etxetik». Hala, aurreratuta zituzten beste lan batzuk amaitzeko ere baliatu zituzten itxialdiko hilabeteak. «Bonbardaketaren urteurrenaren ekitaldi guztiak sarean egin genituen, Gernika Gogoratuzekin batera. Alde horretatik, egoerara egokitzeko gai izan ginen», azaldu du Momoitiok.
Museoaren hezkuntza departamentuak dituen baliabideak ere sarean eskaintzeko lanean ari dira. «Ditugun baliabideak, tailerrak eta beste, ikastetxeetatik online egiteko egokitzen ari gara. Museoa eskolan programa ere badaukagu, baina egoera honetan ikasleak ez dituzte ikastetxetik ateratzen. Horregatik, gure baliabideak eta tailerrak eskoletatik egin ahal izateko prestatzen ari gara. Gure laguntzarekin, baina gu ikastetxera joan gabe».
Erakusketa bi. Bestalde, pandemiak eragindako egoeragatik 2020an erakusgai egon behar zuten bi erakusketa hartuko ditu aurten Bakearen museoak. Winnipeg, boleto de ida da bietako bat. Erakusketa interesgarria dela dio museoko zuzendariak: «Bermeoko gizon baten historia da. Gernikan zegoen bonbardatu zuten egunean eta, ostean, Frantziara alde egin zuen, borrokatzera. Winnipeg itsasontzian Txilera bidean zela, aitarekin bat egin zuen. Txilen bizi izan da eta haren lobak, artista grafikoa bera, erakusketa polita egin du».
Bigarrena, museoa parte den Europako proiektu bati buruzkoa izango da: MIGRAID Infancia y ayuda humanitaria en las guerras. Erakusketa bi horien gaiak jorratzeko ekintza puntualak ere antolatuko ditu Bakearen Museoak.
Babesaren beharra. 2021eko aurrekontua eta ekintza guztiak zehaztu barik ditu oraindik Bakearen Museoak. Hala ere, arduradunek jakin badakite egoera ez dela batere ona. «Bisitari gutxiago izan ditugu eta sarreretan galerak ere handiak dira. Aurtengo egoera ere ez da normala izango, eta ezinezkoa izango da 2019ko zifretara heltzea».
Orokorrean, egoera honek kulturari egindako kaltea handia dela esan du Momoitiok. «Asko hitz egiten da pandemiak beste sektore batzuetan duen eraginari buruz, eta gutxi kulturari egin dion minari buruz, eta nolako eragina izango duen gure bizitzan. Agian normalagoa da egunero kafea eta pintxoa hartzen joatea, eta ez da hain ohikoa museora edo kontzertu batetara joatea, baina horiek ere betegarriak dira gure bizimoduetan», azaldu du.
Gauzak horrela, beste sektore batzuek dituzten laguntzak eta babesa eskertuko luketela gaineratu du: «Kultur munduan eta museoetan ere jende asko dago freelance modura lan egiten duena, autonomoak direnak», eta museoei ere egoerak gogor jo diela azpimarratu du.