Bermeo bizitzeko leku segurua eta erosoa dela uste dute herritar askok
Gizaker enpresak azterlana egin du Bermeoko Udalarentzat; 18 urtetik gorako 400 pertsona elkarrizketatu dituzte, 2020ko abenduaren 3a eta 9a bitartean
Gizaker enpresak Bermeoko Udalarentzat egindako udal azterlanaren arabera, bermeotarrek 10etik 8,16gaz baloratzen dute Bermeo bizitzeko udalerri moduan. Gehienek, gainera, Bermeo bizitzeko leku segurua (%86,8) eta erosoa (%86,8) dela uste dute.
Txostena egiteko 18 urtetik gorako 400 pertsona elkarrizketatu zituzten 2020ko abenduaren 3tik 9ra bitartean. Telefono bidez egin zituzten elkarrizketak, eta horien bataz besteko iraupena 14,49 minutukoa izan zen.
Udalerriaren bilakaera modu positiboan baloratzen dute bermeotarrek. Txostenaren arabera, %37k uste du Bermeok “hobera” egin duela, %40k uste du “berdin” jarraitzen duela eta galdetutakoen %19,8ren arabera, inboluzioa dago.
Herritarrek hauteman dituzten arazo nagusiak honakoak dira: Langabezia (%12,5), aparkalekua (%10,5) eta garbitasuna (%7).
Datozen hilabeteetarako lehentasunengatik ere galdetu diete elkarrizketatuei. Garbitasuna (%20,8), gizarte babesa (%10), mendekotasuna daukaten adineko pertsonen arreta (%9,8) eta tokiko merkataritzaren sustapena (%9) nabarmendu dituzte.
Udalerrian azkenengo urtean martxan jarritako ekimen gehienak, beste alde batetik, 10etik 6,5 puntu baino gehiagogaz baloratu dituzte bermeotarrek. Honakoek jaso dute onarpen maila altuena: Mugiment txartela martxan jarri izana (7,83), Martillo moila bainurako gune legez egokitu izana (7,79), udako zinema martxan jarri izana (7,79) eta edukiontzi berriak instalatu izana (7,34).
Udal zerbitzuei buruz ere zeresana izan dute herritarrek. Modu horretan, 10etik 7,5 baino balorazio altuagoa izan dute honako zerbitzuek: Berhaz bulegoa (7,83), udal zaharren egoitza (7,79), Bermibus (7,66) eta udal musika eskola (7,58).
Pandemia garaian martxan jarritako ekimenei buruz ere galdegin dute, eta gehienek, batez beste, 7tik gorako nota jaso dute. Esan dutenez, denen artean honakoak dira nabarmendu dituzten ekimenak: bakarrik bizi diren adinekoei laguntzeko zerbitzua (7,78), krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko Nik BermeON kanpaina (7,20) eta gune publikoak garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzu bereziak (7,10).
COVID-19a ere aztergai. Txostenak, gainera, koronabirusari buruzko atal berezia ere jaso du. Ondorioztatu dutenez, bermeotar gehienek (%85,8) zentzuzkoa ikusten dute etxeetan berriro konfinatzea “kutsatzeak gaindituz gero”.
%56,3rentzat, berriz, agintariak “bigunegiak izaten ari dira arauak betetzen ez dituzten isunekin edo zigorrekin”. Ildo horretatik, %79,8k egokitzat joko luke udaltzainek zaintza areagotzea.
Herritarren %67,8ak “erantzukizun soziala” nabarmendu du, horien ustez, “herritarrak dira kutsatzeak saihesteko ardura nagusia dutenak”.
Uste dute, gainera, herriko saltoki txikiek ostalaritzak baino gutxiago jasan dutela koronabirusaren inpaktua. Kontsumoari dagokionez, %61,8ak esan du lehen modura kontsumitzen dutela herriko dendetan, eta %20k, berriz, lehen baino gehiago edo askoz ere gehiago kontsumizen dutela.
Azkenik, Bermeoko udal azterlanak jaso du bermeotarrek udalari eta haren kudeaketari buruz duten pertzepzioa “positiboa” dela; 10etik 6,10eko nota eman diote. Alkateak (6,61) eta gobernu talde berriak (6,29) “onarpen maila handia” jaso dute. Bestalde, udalak eta Eusko Jaurlaritzak 6,71 eta 6,65 puntuko balorazioa jaso dute, hurrenez hurren; Espainiako Estatuko Gobernuagatik galdetuta, berriz, 5,25 puntuko balorazioa lortu du.