Mundakako EH Bilduren ustez herriak egon beharko luke alderdien gainetik
2020ko balantzea egin du Mundakako EH Bilduk. Jakitera eman dutenez, hamazortzi proposamen aurkeztu zituzten, eta jeltzaleek horietako bakarrari eman zioten baietza.
Mundakako EH Bilduren ustez “krisia” hitzak laburbiltzen du amaitu berri den urtea. EH Bilduren Udal Taldeak pandemiaren urteko balantzea egin du, horien ustez, herriak egon beharko luke alderdien gainetik.
Diotenez, batzarrik batzar eman dute 2020a, “arrakastarik barik”: “Udal talde nagusia den Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) nahiago izan du bere guda partikularrean gotortu, adostasun zabalak bilatu eta sendotu baino, modu horretara, udalaren eta ondorioz herriaren egunerokoa kinka larrian jarriz eta egoera larri honetan denok bat eginez hartu beharreko neurriak hartzeari uko eginez. Nahiago izan dute blokeoa eta alderdiaren interesak, herriaren premiei erantzun baino”.
2020ko udal batzarretan hamazortzi proposamen aurkeztu zituztela esan dute, eta horietako bakarra onartu zuen EAJk: Mundaka Mugiment Kirol Txartelera atxikitzea. “Harrigarria da EH Bilduk urtarrilean aurkeztu zuen kirol plangintzari abenduan EAJk ezetza eman izana, aztertzeko denborarik izan ez dutela argudiatuz”. Herrian multikirol pista atontzeko lanei ere “uko egin” diotela azaldu dute koalizioko kideek.
Hirigintza arloan urtea “kezkagarria” izan dela adierazi dute: “Alde batetik, Erreka auzoan proiektatuta dauden etxebizitzen auzian ez da pausorik aurreratu. Bestetik, itxi barik jarraitzen dute zenbait espediente garrantzitsuk, hala nola, Areneko eta Ondartza legez kanpoko obrei zabaldutakoak”.
Bestalde, “legez ezinbestez bete beharrekoak diren gai batzuetan” EAJk eman duen ezetza aipatzekoa dela deritzote; esaterako, udal ondasunen zerrenda osatzeari. “Zerrenda hori, legez, urtero berriztatu edo bestela sortu egin behar da”. Udal liburutegiko sarbidea “denontzat irisgarria” egiteari ere uko egin diotela azaldu dute, “Irisgarritasunari Buruzko Legeak dioenaren aurka eginez”.
Herria “denontzat bizigarriagoa” egitearen aldeko EH Bilduk aurkeztutako bi proposamenei emandako ezetza ere aipatu dute: “Lorategi kalean abiadura murrizketa ezartzea eta Mundaka-Bermeo ibilbidean argiak jartzeko proposamenak ziren”. Beste alde batetik, EH Bildu “harrituta” dago EAJk ezetza eman diolako herrian zaratak gutxitzeko proposamenari.
Gaineratu dute, garbiketa zerbitzuak eta terrazen arauak berrikusteko proposamenen erantzunak “airean utzi” dituztela. Horiez gain, beste proposamen batzuk ere, “oraingoz erantzunik barik” daudela diote.
Legeak agintzen duen “gardentasunaren alde”, berriz, udal batzarrak sarean ematea proposatu du EH Bilduk, erantzuna ezetza izan dela gaineratuta.
Mundakako EH Bilduren Udal Taldeak argi dauka “guztion udala zaindu beharra dagoela, eta ez judizializatu”.