H-aren haria berregiten, Ean
Poesia Egunak egiteari utzi bazieten ere, kultura biziaren haria josteko ekinean segitzen dute Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldekoek. Hari berria ere modu kolektiboan josi gura dute.
Ean H-a harikatzen hasi ziren 2019ko Gabonetan, eta horretan segitu dute agurtu berri ditugunetan ere. Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak H-a galdu duen herria kultur topaketa antolatu zuten 2019an, eta Ea, h-a galdu zuen… erria 2020an. “H horrek metafora bat izan nahi du, baina oso argia. Galerak handiak izan eta izaten ari dira. Kultura ezin da geratu folklore hutsean…hori heriotza litzateke. Ez gaude prest. Hemendik egiten dugu bizitzarako hautua, herritarrei gonbidapena, bidelagun izateko H-aren berregite horretan. Kolektiboa izango da ala ez da izango”, adierazi dute kultur taldekoek.
Poesia Egunak antolatzeari utzi ziotenean, hamabost urtetan zehar jositako haria eten, eta beste hari bati jarraitzeko “intuizioa eta gogoa jaio” zitzaizkien, eta aipatu topaketa da hari berri horren bigarren pausua: “Eak H ortografikoa galdu badu ere, ez dugu onartuko bere nortasunean inprimatuta daukan H-a galtzea. Horregatik bide bat egiteko asmoa dugu, bi noranzkotan: Eatik HEAra eta HEAtik Eara, herritarrekin konpartitu nahi duguna. Eatik Euskalerrietara eta Euskalerrietatik Eara”. Bidaideekaz lagunduta, bidaia kolektiboa proposatzen dute.
Uztailero Poesia Egunak topaketan egin modura, Gabonetako hitzorduotarako ere euskal sortzaileen laguntza eskuzabala eduki dute. Hainbat sortzaileri eskatu diete euren begirada, euren haria, euren sormena emateko. Beti baietz erantzun dietela eta pribilegiatuak sentitzen direla aitortu dute Eako taldeko kideek: “Pribilegiatuak sentitzen gara Euskal Herrian dauzkagun sortzaileekin”.
Esaterako, iazko abenduaren 27an poesia, musika eta dantza batzen dituen Andrezaharraren manifestua lan eszenikoa eskaini zuten Eskolondon. Mari Luz Esteban poetak eta antropologoak 2019an argitaratutako izen bereko poema liburua oinarritzat hartuta, Earako beren beregi sortu zuten obra Estebanek eta Metrokoadroka Kolektiboko Ainhoa Alberdik, Idoia Beratarbidek, Iraia Eliasek, Jurdana Otxoak artistek eta Idoia Hernandez teknikariak.
Halako proiektu esperimental bat egiten duen lehen aldia izan da Estebanentzat: “Metrokoadrokoek badute esperientzia, eta oso gustura egon naiz eurekin, poz-pozik. Duela gutxi bertso saio bat ere egin genuen Maialen Lujanbio eta Miren Amurizarekin. Nik liburuaren parte batzuk irakurri eta gaiak jarri nizkien eta eurek bertsoak bota. Halako proposamen eta aldaera desberdinak egitea oso pozgarria da”.
Manifestua zahartzaroari buruz gogoeta egiteko, pentsarazteko gonbidapena da: “Aspalditik nago hausnartzen, bai nire zahartze prozesuaz, eta baita ere orokorrean, ikusten dudalako kalean eta feminismoan ere bai ez dagoela gogoeta gehiegirik zahartzaroaren inguruan. Gero eta feminista zahar gehiago gaude, baina ez dago gogoeta politiko bat. Nire asmoa da jendeari gonbidapena egitea horretaz pentsatzeko eta hausnartzeko”.
Zahartzaroaren argi-ilunak
Liburua irakurle klubetan ere aurkeztua dute, eta idazleak dioenez, jendeak eskertzen du horretaz hitz egitea: “Izan ere, modu oso estereotipatuan hitz egiten da, edo modu oso negatiboan edo alderantziz. Zahartzea da dena gaizki edo zahartzea da dena ona. Eta nik ez nuen nahi ez bata ez bestea”. Zahartzaroa bere “argi-ilun” guztiekin aurkeztu nahi zuen: “Zaharra zen den ere pentsatu behar da, baina iruditzen zait gaur egun badagoela belaunaldi bat emakume zaharrena, 70 urtetik aurrera badago belaunaldi oso bat feminismoaren ondarea ere jaso duena, eta bizitzeko beste hautu batzuk egin dituena. Bizitzeko beste proposamen batzuk egiten ari dira, baina oso ikusezina da. Egiten dugu, baina ez dago halako gogoeta kolektibo bat”.
Gogoeta kolektibo hori beharrezkoa dela deritzo, “gizartean gai hori planteatu” behar dela. Horregatik, lan eszenikoaren amaieran esan modura, “manifestua guztion artean bukatuko” da: “Gonbidapen bat denez, manifestua guztion artean egingo dela uste dut. Lan hau izan da manifestua egiten jarraitzeko beste modu bat”.