Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen taldekako fasea lehiatuko du datorren astean
F multzoko aurkari "gogorrei" aurre eginda, kanporaketa pasatzea dute helburu. Urtarrilaren 19an, 21ean eta 22an lehiatuko dituzte partiduak, Valentzian. Orkatileko arazoak gaindituta, Roso Buch jokatzeko moduan egotea espero dute.
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen fase erregularreko hiru partiduak jokatuko ditu datorren astean, Valentzian. Aurrekoetan ez bezala, kanporaketa honetako partiduak jarraian jokatuko dituzte, eta burbuiletan ariko dira taldeak. Multzo bakoitza eurena ez den kantxan ariko da. F multzoan dago Gernika-Lumoko taldea Flammes Carolo Basket, La Roche Vendee Basket eta Ciudad de La Laguna Tenerifegaz batera.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak uste du multzoan dauden lau taldeek aukerak dituztela hurrengo kanporaketara pasatzeko: “Baikortasunagaz, baina multzoak daukan zailtasunaren jakitun gaude. Multzo gogorra da”.
Gerardo Candina Gernika KESBen presidentearen berbetan, “kanporaketa pasatzeko helburuagaz” joango dira Valentziara: “Ea ezustekoa ematen badugu. Klubaren helburua beti da hobetzea, hazten jarraitzea eta saskibaloian hobeto jokatzea”.
Beste behin, txapelketa honetarako daukaten gogoa eta ilusioa aitatu ditu Naiara Diez kapitainak: “Lau egunetan hiru partidu jokatuko ditugu, eta denak gogorrak. Badakigu gauza asko prestatu behar ditugula eta zaila izango dela, baina baita taldea prest dagoela ere”.
Jokalariengan konfiantza osoa dauka Lopezek: “Halako egoerak kontuan hartuta eta halako baldintzekin jokatzeko osatu genuen taldea, hiru bat partidu segituan jokatzeko moduko taldea osatu genuen, eta posizioko ia bi jokalari ditugu”.
Lehenengo partidua irabaztearen garrantzia azpimarratu dute Lopezek eta Diezek. Kapitainak esan du lehen partidu horretan pentsatu behar dutela: “Halako txapelketetan oso garrantzitsua da txapelketari erritmoa hartzea, lehen partiduan lehiatzea eta irabazten saiatzea. Lehen partiduan egin duzunak bigarrena baldintzatzen dizu. Multzo indartsua da, eta lehenengo bi postuetan sailkatzeko asko borrokatu beharko dugu”.
Aurkariei buruz Lopezek dio frantziarren jokatzeko modua oso fisikoa eta bertikala dela, eta defentsa oldarkorra daukatela: “La Rocheren kontra jokatuko dugu, eta teorian, Carolo baino ahulagoa da, bai behintzat jokalariei dagokioenez. Garrantzitsua da irabazten hastea, hurrengo partiduetarako sentsazio onak hartzeko. %100 egon beharko gara hiru partiduetan”.
Naiara Diez: “Lehenengo bi postuetan sailkatzeko asko borrokatu beharko dugu”
Aurreko txapelketa klubaren historian mugarria izan zen, final zortzirenetara ailegatu baitzen taldea: “Mantentzea heltzea baino gaitzagoa da beti. Oxala kanporaketa hau pasatzen badugu, eta aurrekoetan heldu garenera heldu. Ahalik eta ondoen lehiatzen ahaleginduko gara hiru partiduetan. Teknikoki eta taktikoki kalitate asko izateaz gain, kalitate fisikoa ere eduki behar da”, adierazi du entrenatzaile gernikarrak.
Urtez urte, taldea hazten eta hobetzen joan da, markak hausten: “Jokalariok beti nahi dugu egindakoa hobetu. Aurrekoan gertatu zena hobetzea eta berdintzea erronka polita da, baina zaila”. Aurrerapausoak ematen aritu dira, eta Diezen esanetan, ildo horri eutsi nahi diete, eta horretara doaz oraingoan ere. Taldea sasoi onean dago: “Momentu onean gaude. Denboraldi hasieran lan handia eduki genuen taldea osatu eta nahi genuen jokoa bilatzeko. Uste dut ulertu dugula, eta fase honetara sentsazio oso onekin heldu garela, eta egin behar duguna badakigula, eta hori da garrantzitsuena”.
Kantxan zaleen babesa falta dutela-eta, eurei lorpenak eskaini eta berriro ere publikoagaz jokatzeko gogoa daukate. “Aforo mugatuagaz jokatzeko eskaera ez du onartu Eusko Jaurlaritzak. Publiko barik ari garen erkidego bakarrenetarikoak izaten segitzen dugu. Pena hori daukagu. Egoera larria dela ulertzen dugu, baina denboraldi hasierako bi hilabeteetan erakutsi genuen ondo egin genuela. Ez zen COVID kasurik egon. Gure kirol instalazioan kontzertu bat antolatu ahal dugu publikoagaz, baina partiduan ezin dira ikusleak egon, eta hori ez dugu ulertzen”, azaldu du klubaren presidenteak.
Ligako partidua barikuan
Europako txapelketaren hitzorduaren aurretik, Caceresen ligako partidua lehiatuko dute, Al Qazeres Extremaduraren kontra, bariku honetan, 17:00etan.
Hiru partidu jarraian galdu ostean, azken biak irabazi ditu Lointek Gernika Bizkaiak: “Bembibreri irabaztea zaila dela ikusten ari gara dituen fitxaketengatik. Ensinoren kontra ondo aritu ginen, eta etxeko bi partiduetan, Gironaren eta Valentziaren kontra aukerak eduki genituen. Galdu arren, sentsazio onekin geunden. Domekan Prometeri irabazi genion arren, taldeak ez zuen lar ondo jokatu”.
Marta Alberdi gernikarra eta Margaret Roundtree estatubatuarra ez dira Valentzian egongo. Roso Buch orkatilean min hartuta egon da, eta barikuko ligako partiduan egongo ez bada ere, Eurokopan jokatuko du. “Entrenamendu asko barik, baina prest egotea espero dugu. Zaila izango da hiru partiduetan minutu asko jokatzea, baina seguru lagunduko digula”, zehaztu du Lopezek.
*PARTIDUEN EGUTEGIA:
- Urtarrilak 19, martitzena (15:00). Lointek Gernika Bizkaia VS La Roche Vendee
- Urtarrilak 21, eguena (18:00). Lointek Gernika Bizkaia VS Flammes Carolo
- Urtarrilak 22, barikua (21:00). Lointek Gernika Bizkaia VS Tenerife
**OHARRA: Eurokoparen partiduak ikuslerik barik jokatuko badituzte ere, Lointek Gernika Bizkaiaren zaleek telebistaz ikusi ahalko dituzte. ETB 4n zuzenean eskainiko dituzte datorren asteko hiru partiduak.