Jolasteko eskubidea bermatu dute
Bizkaiko Gurutze Gorriak jostailu bilketa egin du Gabonetan, eta Bustuirialdean ere hainbat izan dira ekimen solidarioarekin bat egin duten herritarrek. Bizkaia osoan, guztira, 6.647 jostailu bildu dituzte.
Umeen eskubideak jokoan daudelako, jolasteko eskubidea bermatu du Bizkaiko Gurutze Gorriak 2020ko Gabonetan. Jostailu bilketa egin dute, eta ekimen orokor horregaz bat egin du Busturialdeko Gurutze Gorriak. Lurralde historikoan 6.000 jostailu biltzea zen hasierako erronka, eta helburua gainditu dute. Guztira, 6.647 jolas batu eta banatu dituzte, eta Bizkaiko 747 umeri eman dizkiete. Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, 1.547 jostailu 0 eta 3 urte bitartekoei eman dizkiete; 4 eta 6 urte bitartekoei 2.023 jostailu banatu dizkiete; 1.829 jostailu 7 eta 9 urte artekoei; 1.186 10 eta 12 urte artekoei eta 62 jostailu 13 urtetik gorakoei.
Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten familiak laguntzea izan da ekimenaren xedea, baita ume guztiek eskubide berberak izatea ere. Gurutze Gorriak kanpainaren hasieran adierazi zuenez, gero eta gehiago dira baldintza kaxkarrak bizi dituzten familiak, eta orain arte «estu eta larri» egon diren askoren egoerak okerrera egin du: «Janari bilketarekin laguntzen genituen familia horien egoera txartu egin da. Hori dela eta, aurten inoiz baino garrantzitsuagoa da laguntza hori eskaintzea. Familia gehiago dira-eta jostailuen beharrizana dutenak».
Ekitatea mantenduz
Bi asteko bilketa egin dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren zentroetan eta Gernika-Lumoko Txaportako Eroski supermerkatuan. Gernika-Lumoko zenbait establezimenduk ere, Gurutze Gorriaren ekimena lagundu asmoz, jostailuak izteko kutxak ipini zituzten dendan. Hain zuzen ere, Obaba eta Berezi liburudendetan, Bizipoza jostailu dendan eta Amutio drogerian ere kanpaina laguntzeko bilketa egin dute. Jostailu berriak eskatu dituzte bilketa kanpainan, «ekitatea mantentzeko eta diskriminaziorik egon ez dadin. Alegia, haur guztiek jostailu berria izatea bermatzeko».
Era berean, segurtasuna ere bermatu gura izan dute; izan ere, jostailua jatorrizko bilgailutik kanpo badago guztiz segurua izango denik ezin da bermatu. Bildutako jostailuak, gainera, ez dira ez sexistak ezta belikoak izan.
Laguntza eskertu. Kanpaina aurrera eramateko 362 laguntzaile izan ditu Bizkaiko Gurutze Gorriak. eta 38 enpresa eta entitateren kolaborazioa izan du. Jolasak dohaintzan emateaz gain, laguntzeko beste bide bat izan da bizum bidez dirua ematea. Bide horretatik 1.315 euro eskuratu ditu Gurutze Gorriak, eta 5 euroko jostailu bat bermatu ahal izan dute. Bilketaren arduradunek azaldu dutenez, «kanpaina ez litzateke posible izango boluntarioen parte-hartzerik gabe, beraiek izan direlako jostailuak batzeko eta sailkatzeko ardura izan dutenak».