Besaldek Euskal Karabanarako jakiak batuko ditu, baina ez ohi bezala
Koronabirusaren pandemiagatik, ez da bilketa egingo eskualdeko supermerkatu eta dendetan. Hezkuntza zentroetara edo Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetara eroan daitezke elikagaiak.
Urtarrilagaz batera dator Besalde elkarteak (Bermeo Sahararen Alde) Sahararen alde egiten duen janari bilketa. Piztu itxaropena lelopean, Euskal Karabana mugiaraziko duten 17. aldia izango da. Aurtengoa, hala ere, desberdina izango da; koronabirusaren pandemiagatik bilketa ez da ohi bezalakoa izango. Hau da, ez dituzte elikagaiak batuko eskualdeko denda eta supermerkatuetan orain arte egin izan duten modura.
Elikagaiak hezkuntza zentroetan batuko dituztela azaldu dute Besaldekoek. Interesa daukatenek urtarrilaren 22a (barikua) izango dute elikagaiak eroateko azken eguna. Beste alde batetik, aurreko urteetan egin modura, San Frantzisko elizako arkupeetan ere egongo dira bilketa egiten. Barikura bitartean eroan daitezke elikagaiak, 18:30etik 20:00etara.
Euskal Herriko herrietan honako gaiak batu behar direla zehaztu dute Besaldekoek: arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea oliotan eta sardinak. Garbitasunagaz zerikusia daukaten produktuak ere bidaliko dituztela adierazi dute, konpresak, esate baterako, “kanpamentuetan produktu mota hori lortzeak daukan zailtasuna kontuan izanik”.
Besalde elkarteak duen BBKko kontu korrontean aportazio ekonomikoak egin daitezkeela ere azaldu dute; informazio gehiagorako 635 72 50 62 telefono zenbakira deitu daiteke.
Piztu itxaropena Sahararen aldeko Euskal Karabanaren helburu nagusia herri sahararrari ahalik-eta elikagai kopururik handiena eramatea da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asetzeko: “Errefuxiatuen kokalekua eta eremu haren egoera bereziagatik, saharar errefuxiatuek Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizirik irauteko ezinbestekoa dute kanpoko laguntza. Saharar herriak 46 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko zain. Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzagaz baino ez dira bizi”. Hori guztia kontuan hartuta antolatzen dute urtero Sahararen aldeko euskal karabana.
Otsailean abiatuko da Euskal Karabana Tindoufeko kanpamentuetara. Euskadiko Saharar Ordezkaritzak esango du zein egunetan eta nondik.
Besaldekoek eskualdeko herritarrek urte hauetan guztietan izan duten “harrera eta eskuzabaltasuna” eskertu gura dituzte. Era berean, aurton ere parte hartzera animatzen dituzte herritar guztiak. Iazko kanpainan 7.809 kilo jaki batu zituzten eskualdean. Batutako janariaz gain, partikularren diru laguntzak ere jaso zituzten; 560 euro, guztira.