Gune gorrian dauden herriak ixtea erabaki du Jaurlaritzak
Bermeo eta Mundaka itxita geratuko dira, baita biztanleria kopurua aintzat hartu barik, 500etik gorako tasa duten herriak ere. Lurralde historikoaren konfinamendua ere adostu dute. Neurri berriak eguaztenean sartuko dira indarrean.
Eusko Jaurlaritzak zorroztu egin ditu abenduaren 10etik indarrean egon diren neurriak, egoera epidemiologikoa “kezkagarria” delako. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, LABIren batzorde teknikoak egindako proposamenak kontutan hartu ditu gobernuak, eta mugikortasuna gehiago mugatzea erabaki du. Hartutako neurri berriak asteazkenean sartuko dira indarrean, gaueko 00:00etan, dekretu bidez.
Eremu gorrian dauden udalerrietan itxiera perimetrala ezarriko dute, eta ezingo da bertatik ez sartu ez irten, ezinbesteko jarduetarako salbu. Beraz, Bermeo eta Mundaka itxita geratuko dira. Hala, udalerri horietako bizilagunak ezingo dira alboko udalerrietara joan. Gainera, ezingo dira taldeko kirol jarduerak egin.
Bestetik, lurralde historikoetara mugatu du mugikortasuna, eta ezin izango da probintzia batetik bestera joan; bizkaitarrak Bizkaian zehar mugitu ahalko dira bakarrik.
Autonomia erkidegoaren konfinamendu perimetralak indarrean jarraitzen duela ere esan dute. “Gaueko mugikortasunaren mugak, sei pertsonako taldeen mugak, eta jarduerak 21:00etan eteteko neurriek indarrean jarraitzen dute”. Ostalaritza establezimenduak zabalik dauden herrietan, orain arte modura, 20:00etatik 06:00etara itxi beharko dute; eremu gorrian dauden udalerrietan, itxita jarraituko du ostalaritzak.
Eskola kirolari dagokionez, entrenamenduei berrekitea adostu dute. “Adaketarik gabeko seiko taldeetan eta aldagelarik erabili gabe”. 500eko tasa baino altuagoa duten herrietan, ez da eskola kirolik egongo.
Merkataritza establezimenduetan ere neurriak zorroztu dituzte. 150 metro karratutik gorako merkataritza establezimenduetako edukierak %40ra murriztuko dira. “Edukiera %60koa izango da 150 metro karratura arteko azalera dutenentzat”.
500eko tasatik behera kokatzen diren herrietan, gainera, profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak baimentzea ere erabaki dute. Gainera, herri horietan joko eta apustu lokalak zabaltzeko aukera ematea ere erabaki dute, edukiera, ordutegiak eta ostalaritza sektoreari ezartzen zaizkion antzeko prebentzio neurriekin.
Faktoreak. Azaldu dutenez, hiru faktore hartu dituzte kontuan egoeraren irakurketa egiteko: Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban azken asteetan erregistratutako intzidentziaren beheranzko joera gelditu izana eta azken egunotan goranzko joera atzeman izana; inguruko beste Autonomia Erkidego eta herrialde batzuetan intzidentzia tasak “izugarri handitzen” egotea; eta Erresuma Batuan mutatutako anduiaren hainbat kasu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hautemateak “ziurgabetasun eta mehatxu egoera” eragiten duela ebaztea.
Azken egunetako datuak. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatua 839,74koa da Bermeon, eta %596,85koa Mundakan. Gernika-Lumo, berriz, gune laranjan dago %428,37ko inzidentzia tasa metatuagaz.
Asteburuko (bariku, zapatu eta domeka) datuak kontuan hartuta, 67 izan dira Busturialdean zenbatutako positiboak; horietako 43 Bermeon eman dira. Kontuan hartzekoa da, hala ere, sei urtetik gorako bermeotarrak eta mundakarrak Osakidetza Bermeoko Artza frontoian egiten ari den baheketara deituta daudela. Bariku arratsaldean hasi ziren baheketa egiten, eta eguaztenera arte luzatuko da. Denetara, bi herrietako 18.500 pertsona inguru daude baheketa egitera deituta.
Gainontzeko positiboak honako herrietan eman dira: Hemeretzi Gernika-Lumon, bi Mundakan eta bana Ean, Kortezubin eta Muxikan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 560 kasu positibo baieztatu ziren atzo: 322 positibo egon ziren Bizkaian, 166 Gipuzkoan eta 67 Araban. EAEtik kanpo bizi diren bost pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 10.706 test diagnostiko egin zituzten.
Jakitera eman dutenez, 37 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVIDagatik, eta 76 pertsona dira gaitza dela-eta ZIUn daudenak.