Gaurko egunez, orain dela 34 urte, Muruetaren desanexioa lortzeko herri galdeketa egin zen. Horregatik aukeratu dute gaurko eguna landaketa egiteko.
Muruetak badauka dagoeneko Gernikako Arbolaren kimu bat. Gaur goizean landatu dute Sagatxa zelaian. Bertan egon dira, hain zuzen ere, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Julen Karrion Muruetako alkatea, Muruetako zinegotziak, bai eta zenbait herritar ere.
Ā
Otaduik jakitera eman duenez, Muruetan egin da
denboraldi honetako lehenengo landaketa: “Urte hau zaila eta korapilatsua izan da eta da, baina hobekuntzarako bidea hartzea espero dugu Gernikako Arbolaren landare honen moduan; izan ere, hor joango da hazten, loratzen eta herri honetan bizi zareten guztioi gerizpea ematen”.
Ā
Landaketa egiteko egun berezia aukeratu dute. Gaurko egunez, orain dela 34 urte, Muruetak Gernika-Lumotik desanexioa lortzeko herri galdeketa egin baitzuen. Gainera, Karrion alkateak gogora ekarri duenez, udalerriak desanexioa lortu zuenetik udaletxea hartzen duen hirugarren eraikinean lanean daude; Aldai eraikinean egon zen lehenengo udaletxea, Floresen gero, eta ekainetik, Abadetxean daude. COVID-19agatik ezin izan dute “gura moduko” inaugurazio ekitaldirik egin, baina egoerak hobetzen duenean “egingo dutela esan du, “merezi duelakoa”. “Gernikako arbola euskaldun denon eskubideen ikurra den moduan, udaletxea herritor guztion eskubidea da, herritar guztion etxea da”, esan zuen Karrionek.
Ā
Ia 500 landare. Gernikako arbola “nazioarteko” arbola dela esan du Otaduik, “gure lurraldean sustrai sendoak dituena”. Gaur landatutako zuhaitzagaz, Murueta mundu mailako sarean sartu da. Gaur egun, ia 500 landare landatuta daude bost kontinenteetan.
Ā
Muruetan landatu duten zuhaitzak hiru urte ditu. Hala, herritarrei eskatu diete “mimoz” zaintzeko, “Muruetan ere ikurra izan dadin”. “Kontuan eduki foruen, hau da, euskal herritarren antzinako legeen ohitura demokratikoa irudikatzen duela, eta euskal askatasunaren ikurra dela”.
Ā
Adierazpenak egin ondoren, agintariek kimua landatzeko lehenengo palakadak emateko aukera izan dute Gernikako Arbolaren abestiaren doinupean, eta gauza bera egiteko aukera eduki dute ekitaldian bildutako guztiek ere. Ekitaldiari amaiera emateko, ohorezko aurreskua dantzatu dute, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak kimuaren egiazkotasuna bermatzen duen ziurtagiri ofiziala eman dio Muruetako alkateari
Ā