"Taldean laguntzea eta ikasten segitzea dira gure helburuak"
Amaia eta Lander Lartitegik 23 urtez azpikoen kategorian lehen urtea egin dute. Ez dira sasoian ezta euren mailan sentitu, baina lasterketak egin ahal izanagatik pozik daude.
Amaia CAFen lau urte egon ondoren, Bizkaia Durangon lehenengo urtea izan duzu hau. Zelan joan da?
Amaia Lartitegi: Aurtengoa denontzat urte gogorra eta desberdina izan da. Aurten kategoriaz eta taldez aldatu naiz, eta gogotsu, motibazioagaz hasi nintzen. Gero, egoera ikusita, apur bat desmotibatu nintzen. CAFen kadete eta gazte mailetan bi urte egon nintzen kategoria bakoitzean. Oso gustura egon nintzen. Han ikasi nuen dakidan ia guztia, eta aukera asko eman zizkidaten. Emaitza aldetik gauza asko lortu nituen, eta oso pozik nago. Oroitzapen oso onak dauzkat.
Lander zuri Laboral Kutxagaz aritu ostean, Baquegaz aritzeko aukera sortu zaizu. Ze espero duzu?
Lander Lartitegi: Gazte mailako bigarren urtean Baquekoekin korritu nuen Asturiaseko Itzulia. Orain Baquen daude nire EKINeko lagunak. Talde oso ona da, gauzak ondo egiten dituzte, eta uste dut etxe alboko talde batean egonda ikasteko denbora gehiago edukiko dudala. Umetan eta kadete eta gazte mailatan ere Busturiko taldean aritu nintzen. Baina itzuli batzuk Zornotzako EKIN taldeagaz egin nituen. Han lagun oso onak ditut.
Pandemiak baldintzatuta prestatu eta aritu behar izan zarete. Ze sasoitan sentitu zarete? Ze sentsazio eduki dituzue?
A.L.: Aurten nire maila ez da ona izan. Hasieran motibatuta hasi nintzen, eta konfinamendua hasi zen asteburu horretan neukan lehen lasterketa. Gero, behera etorri nintzen, uste nuelako aurten ezingo zirela lasterketak antolatu. Udan gauzak hobera egin zuen, eta lasterketekin hasi ginen. Ez nenbilen oso ondo, baina ostera ere lasterketak egoteak ilusioa egin zidan. Igarri da urte oso arraroa eta desberdina izan dela. Jendearen artean desberdintasun asko egon da lasterketetan.
L.L.: Konfinamenduaren aurretik pare bat lasterketatan parte hartu nuen, eta ondo ibili nintzen, gustura. Konfinamenduan motibatuta hasi nintzen, baina azterketetarako ikasi beharragatik entrenamenduak alde batera utzi nituen. Gero, maila txarra eman dut. Udak aurrera egin ahala, hobera egin dut, baina denboraldi motza izan da niretzat. Ez naiz nire mailan sentitu.
Aurten ze lasterketetan parte hartu ahal izan duzue?
A.L.: Gutxitan. Lasterketa gutxi egon dira, eta justu nire kategorian maila handiko lasterketak egon dira, eta ni ez naiz sasoian egon. Taldeak La Course by Le Tour lasterketan parte hartzeko aukera eman zidan Nizan, uztailaren 31n. Esperientzia itzela izan zen. Halako mailako lasterketak korritzea itzelezko esperientzia da. Gozatu gutxi egin nuen, sufritu asko, baina plazer bat izan zen hor egotea. Aurtengoa ez da urte erraza izan, eta babesleek kirol taldeak laguntzen jarraitu dute. Lasterketa asko jaiengatik egiten dira, eta aurten ez da jairik egon. Baina jendea lasterketak egitera animatu da, eta eskertzekoa da.
L.L.: Batez ere Euskal Herriko lasterketak korritu ditut, Euskadiko torneoaren bospasei lehiatu ditut, eta beste bat Kantabriako Colindres herrian eduki nuen. Nire helburua, batez ere, taldean laguntzea eta ikastea izan da. Hiru faboritoei laguntzea. 23 urtez azpikoen kategoriako lehen urtea ez da oso ona izan niretzat. Sufritu eta tiratu egin dut, eta helmugara heltzeagaz pozik nago.
Datorren urtera begira, zer espero duzue?
A.L.: Uste dut lasterketa gehiago egongo direla. Ez dakit urtea zelan hasiko dugun, baina, gutxienez, orain badakigu nola doan gauza. Lasterketak baino lehen PCRak egin beharko dira. Lasterketa gutxiago badira ere, behintzat barneratuta daukagu gehiago entrenatu behar dugula. Datorren urterako helburua taldean laguntzea, ahalik eta gehien ikastea eta aurten nigan jarri duten konfiantza modu batera edo bestera bueltatzea da.
L.L.: Helburua beti da ahal bada lasterketak irabaztea. Eta irabazi ezin badut, aurrean egotea, aukerekin egotea. Baina garrantzitsuena ikastea da, eta betiko legez, ondo pasatzea, gozatzea.
Gaztetxoak zarete, baina palmares handia daukazue.
A.L.: Kadeteetan, errepideko proban Espainiako txapeldun geratu nintzen, eta Espainiako azpitxapeldun erlojupekoan. Gazte mailako lehen urtean Europako eta Munduko txapelketetara joan nintzen selekzio espainiarragaz. Bigarren urtean errepideko proban Espainiako txa-
peldun geratu nintzen, eta mundialetara joateko aukera izan nuen.
L.L.: Kadeteetan lasterketa batzuk irabazi nituen, Euskadi mailan batez ere. Kadeteen bigarren urtean Espainiako Txapelketan hirugarren egin nuen. Arantza bategaz geratu nintzen, baina pozik, Espainia mailan hirugarren egitea ez delako gutxi. Gazte mailako lehen urtean, Euskadiko Txapelketan ihesaldian sartu, eta irabazi egin nuen. Urte horretan ebakuntza batetik errekuperatu ostean hasi nintzen lehiatzen, eta garaipen hori txip aldaketa bat egiteko aukera izan zen niretzat. Bigarren urtean oso ondo hasi nuen denboraldia, hemengo lasterketak irabazten, eta Espainiako selekzioagaz Paris-Roubaix korritzera joan nintzen. Orain profesionalak diren asko hortik irten dira, eta hori izan da niretzat esperientziarik politena. Lasterketa oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Gauza handiak lortu eta esperientzia handia pilatu duzue. Zein da oroitzapen bereziena?
A.L.: Gazte mailako bigarren urtean Munduko Kopara joan ginen Italiara. Aurreko urtean 30. kilometroan erretiratu nintzen, ezin nuelako gehiago. Eta bigarren urte hartan lehenengo hamarren artean sartzea lortu nuen. Ez nuen espero, eta oso pozik amaitu nuen. Munduko txapelketak eta Europakoak beti dira esperientzia itzelak, baina oroitzapen hori daukat gordeta.
L.L.: Bizkaiko selekzioagaz Nimesera, Frantziara joan gineneko oroitzapen oso ona daukat. Denok ginen lagunak, eta itzuli hori irabazi genuen. Bestalde, Euskadiko Txapelketa Busturian bertan irabaztea ikaragarria izan zen, oso berezia. Herriaren aurrean etxeko lasterketa irabazi, eta Euskadiko txapeldun geratzea hunkigarria izan zen.
Elkarrengandik zer nabarmenduko zenukete?
A.L.: Lander oso langilea da, bai unibertsitatean eta bai bizikleta gainean. Beti egin ditu merituzko gauzak; beti ibili da hor aurrean oso ondo.
L.L.: Amaia txikitan sartu zen txirrindularitzan, eta lehenengo nesketarikoa izan zen. Neska bakarra izatea eta beti mutilekin aritzea ondo dago, baina agian, ez da erraza. Entrenatzen mutilokin etortzen da, eta agian, hori moral aldetik, mentalki oso gogorra da, eta bere jarrera miresten dut. Neskentzat diru gutxiago dago, profesional gutxiago daude, eta egoera horretan ere berak daukan motibazioa edukitzea mirestekoa da. Bestetik, palmares itzela dauka. Beti ibili da oso ondo. Eta beti hartzen du denbora herriko neskekin berba egiteko eta kirol gehiago egitera animatzeko.
Alkarregaz hasi al zineten?
A.L.: Lander baino urtebete beranduago hasi nintzen. Ballet eta gimasia erritmikoa egiten nituen, eta bere lasterketak ikustera joaten nintzen. Neska bakarra egoten zen eurekin, mutilei egurra ematen, eta nik ere hori gura nuela pentsatu nuen. Orain aldea igartzen da, baina hasieran, Landerregaz entrenatzen oso ondo sentitzen nintzen; lehia sanoa eta polita geneukan. Orain ezin diot segitu.
Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua eta Erizaintzako Gradua ikasten ari zarete. Kirola eta ikasketak uztartzea zelan daroazue?
L.L.: Bilbon, ilundu ostean, gauez, Artxandatik fokoagaz ateratzen naiz. Ikasketak eta bizikleta uztartzeko erraztasunak edo irtenbidea behar direla uste dut. Unibertsiteko lagunek ez dute kirolik egiten, ez dutelako denborarik. Ikusten duzu ez duzula behar bezain beste ikasten, zure ikaskideekin konparatuz, eta gero bizikletan ez duzula nahikoa entrenatzen zure lagunekin konparatuz. Oreka bilatzea da kontua.
A.L.: Burua galdu barik, baina ahalik eta gauza gehien egin behar dituzula uste dut. Ez da bakarrik ikasketak, edo ez da bakarrik bizikletan ibiltzea; denetarik egitea, gauzak konbinatzea. Batzuetan sentsazioa daukazu ez duzula ezer ondo egiten. Gehiago ikasi behar duzu, gehiago entrenatu… ikusten duzu bat ere ez duzula ondo egiten. Baina, pozik nago, gustura. Orain praktikakaz hasi naiz, eta apur bat nekatuta nabil, baina gustura.