"'Tribiz, baserri galdue' lana nire buruarentzako opari bat izan da"
Antzerki dokumental modura katalogatuta dagoen antzezlana aurkeztu du Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak: 'Tribiz, baserri galdue'. Baserri horregaz betidanik obsesioa izan duela dio.
Tribiz, baserri galdue antzezlan berria aurkeztu berri duzu. Zurea da osotasunean?
Gradu amaierako lan modura hasi zen, hortaz, istorioa nirea da; nik neuk sortutako lana da, nireak dira ideia, zuzendaritza, dramaturgia… eta ni neu naiz interpretea. Ni neu eta nire izekoren ahotsa gaude agertokian. Horman Poster kolektiboagaz lanean ari naiz, han daude Matxalen De Pedro eta Igor De Quadra antzerki sortzaileak. Nire lana kanpotik zuzentzen lagundu didate. Horrez gain, argiztapena Dabid Alkortaren esku dago, eta soinuarentzako Asier Renteriaren laguntza eduki dut.
Nondik dator ideia?
Ideia beste proiektu batetik eratorria da. Hegoameriketan dauden euskal abizenei buruzko ikus-entzunezko proiektu bat landu gura nuen lagun batzuekin. Nire abizenak aztertzen hasi nintzen orduan. Gure abizenak ez daude Tribiz baserrian, gure familia 1.900 urtean sartu baitzen. Baserri hori gure etxean beti izan da trauma txiki bat. Jausi egin zen baserria, aititak erosi zuen, eta ezin izan zuen altxatu. Karga sinboliko handia dauka guretzat. Materiala baneukan Hegoameriketara joan barik. Beste ideia alderatu eta horretan lanean hasi nintzen. Egia esan, nire buruarentzako opari bat izan da. Betidanik obsesio handia izan dut baserri horregaz eta aitita-amamagaz. Familian, lehengusuen artean, gazteena naiz. Beti bizi izan dut gainbehera. Baserria amaitzen, aitita-amama amaitzen, lanak amaitzen… Orduan, gauza erromantikoa geratu izan zait barruan, nostalgikoa. Lan honegaz, baserriari dolua eman diot, baserria hil egin da.
Familiako kontuak izanik, mimo handiz landutako lana izango da.
Gakoetariko bat zintzotasuna izan da; ez horrenbeste kontatzen den istorioan, gauza asko fikziora eroan ditudalako. Agertoki baten gainean zerbait jartzen duzunean, oso erreala bada ere fikzioa dela deritzot. Azken finean, lagin bat kontatzen duzu, zure ikuspuntu pribatu bat. Lan honetan, zenbait gauza sobrefikziora eraman ditut, ideia bat helarazi gura izan dudalako: zer egin gure ondareagaz, zer egiten dugun ematen dizkiguten gauzekin eta zer uzten dugun. Ideia horri mesede egin guran, garrantzitsua da publikoa ez nahastea gauza desberdinekin. Orduan, istorio desberdinak sartu ditut koherentzia emateko. Uste dut, gezurra esanda ere, nik sentitzen dudanetik hurbilago dagoela.
Bermeotarra dokumentuaren zati bat da. Ezingo nuke baserri horri buruz berba egin ingelesez.
Istorioak zer kontatzen du?
Familia batek baserri bat hartzen du. Orduan, baserri horretako lanak aurkezten dira, emozioak, zelako pertsonak ziren… Gutxika-gutxika baserria jausten doa, eta gaur egun neobaserritar aktore bat aurkezten da bere hondamendi pertsonala aurkezten, hondamendi sinbolikoa eta emozionala. Antzerki dokumental modura katalogatuta dago. Jon Ander Urresti dator zer edo zer azaltzera, ez naiz horrenbeste sartu fikziozko antzerki klasikoan.
Zenbat denbora behar izan duzu lana prestatzeko?
Lan asko aurreratu nuen Dantzertin bertan, gradu amaierako lana egin nuenean. Pare bat hilabete egon nintzen buru-belarri lanagaz. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak sormenerako ematen dituen diru laguntzetara aurkeztu nuen proiektua, eta eman egin zidaten. Ekoizpenaren %70a ematen dizute, beraz, aukera oso ona zen duinki lan bat egin ahal izateko. Diru laguntza jasota, gutxi gorabehera lau hilean prest izan nuen, nahiz eta bi urte joan diren hasi nintzenetik.
Antzezlan honen bitartez erakutsi gura dut badagoela beste antzerki mota bat.
Azpeitian, Lesakan eta Gernika-Lumon egin dituzu aurkezpenak. Zelan joan dira?
Oso ondo, oso pozik nago. Hala ere, Azpeitikoa arraroa izan zen. Estreinaldia izan zen, eta familiakoek ezin izan zuten etorri, ezin zen-eta udalerritik atera. Zentzu horretan, deserosoa izan zen. Niretzat garrantzitsua zen familiako kideek ikustea, lan hau eurena ere badelako. Publikoaren aldetik oso harrera ona izan zuen. Gernikan, hala ere, izugarria izan zen. Distantzia linguistikoa igarri dut. Bermeotarrez egiten dut, oso-osorik. Nahiz eta antzezlana nostalgikoa den, bigarren berbarako publikoa barrezka zegoen. Lesakan, berriz, publikoa isilagoa izan zen, nahiz eta feedback ona jaso dudan. Eskertuta zeuden bermeotarrez egiten nuelako, eta egia esan, bermeotarra dokumentuaren zati bat da. Ezingo nuke baserri horri buruz berba egin ingelesez. Orain, salmentarekin jarri behar naiz.
Gogorra al da lan hori?
Hori da gogorrena. Euskal Herrian ekoizpena nahikoa erraza da. Horretara bideratzen diren laguntzak egon badaude. Euskal Herrian, hala ere, antzerkigintzaren historia oso laburra da. Aldi berean, jendea antzerkira badoa, eta orain inoiz baino gehiago. Antzezlan honen bitartez erakutsi gura dut badagoela beste antzerki mota bat.
Eta Bermeon noiz?
Horretan lanean gabiltza. Bermeoko aktorea naiz, eta Bermeoko baserri bati buruzko antzezlan bategaz nator. Beste edozein herritan estreinaldia herrian bertan egiteko borrokatzen ibiliko lirateke. Martxotik aurrera izan daitekeela esan digute. Egin egingo dugu. Gaur egungo edukiera murriztuagaz, gainera, saio bat baino gehiago egin beharko dugulakoan nago.
Beste proiekturen bat badaukazu esku artean?
Horman Poster kolektiboagaz Antigone antzezlana estreinatu berri dut Bilboko Arriagan. Antigona-ren euskal bertsio libre bat da. Oso pozik gaude. Nire antzezlanaren desberdina da, beste mundu bat. Etika artiskoan, hala ere, nahikoa hurbil daude, pertsona berak ari garelako lanean. Baina, Antigona beste tamaina bateko antzezlana da. Azpeitian ere egon gara, eta han publikoaren saria jaso genuen. Otsailean Donostian egongo gara. Hasten ari gara, eta antzezlana mugitzeko lanak egiten gabiltza. Beste alde batetik, Arriagako ekoizpen batean parte hartzeko hartu naute, Alex Gerediaga zuzendariagaz. Faces filmaren bertsio eszenikoa egingo dute; urtarrilean hasiko gara lanean, eta apirilean izango da estreinaldia.
Lan egin eta aldi berean zoriontsu izateko aukera ikusi nuen. Momentuz zortea eduki dut, eta horretaz bizi naiz.
Bermeoko antzerki taldean irakasle ere bazara.
Taldeak urteak daramatza lanean, nik hiru urte daramatzat eurekin. Ez dute motibazio faltarik. Oso gustura nago. Nire lanagaz han eta hemen egon beharra daukat beti, gainera, baserrian bizi naiz. Orduan, taldeagaz egoteko Bermeora jaitsi beharra edukitzea ondo dago. Hala, Bermeo eta bermeotarrekin harremana mantentzen dut. Beste hainbat gauzaren artean, izaera sortzailea lantzen saiatzen gara, eurak gai izan daitezen euren gauzak sortzeko.
Zu zeu zelan hasi zinen antzerki munduan?
Beti gustatu izan zait antzerkietan eta horrelakoetan parte hartzea. Hala ere, inoiz ez dut buruan eduki aktore izatea. Donostian egin nituen filosofiako ikasketak, eta lagun batek animatuta bertan zegoen antzerki talde batean izena eman nuen. Gustura joaten nintzen. Filosofia amaitu eta Dantzerti sortu zen. Probak egin eta zerrendan bigarren geratu nintzen, eta hala hasi nintzen, askorik pentsatu barik. Oso gogorra izan zen, baina gustura ibili nintzen; eta apustua egitea erabaki nuen. Lan egin eta aldi berean zoriontsu izateko aukera ikusi nuen. Momentuz zortea eduki dut, eta horretaz bizi naiz.
Ideia berriak behar dira, eta uste dut forma berriek ahalko dutela eduki berriak sortu.
COVID-19ak zer nolako eragina eduki du zuregan?
Baserrian bizi naiz, eta pertsonalki, nire egunerokotasunean eragina txikia izan da. Baina, egia esan, oso arraroa da aktore modura publikora begiratu eta jendea aurpegia estalita ikustea, distantzia mantenduta eta euren artean ere hotz. Kostatu egiten da, nahiz eta esfortzua egin behar den. Hala ere, aretoak bete egiten dira. Jendea kultura presentziala baloratzen hasi da. Antzerkia errituala da, eta erritual baterako jende bat behar duzu, leku batean elkarrekin zerbait egiten.
Zein da euskal antzerkigintzaren egoera?
Uste dut Dantzerti eskolak egoera aldatuko duela. Ideia berriak behar dira, eta uste dut forma berriek ahalko dutela eduki berriak sortu. Antzerki munduan une interesgarriak etorriko direlakoan nago, esperantza badaukat. Badago jende bat antzerkia beste gauza bat izan daitekeela ikusten duena, hau da, hausnartzeko eta eztabaidatzeko leku bat. Uste dut saiakera bat badagoela antzerkiak funtzio handiagoa izateko eserlekuetan agertokian baino.
Proiektu berririk badaukazu buruan?
Esku artean daukadan guztiagaz jarraitzeaz gain, Bermeoko Ertzilla antzokiaren inguruan ikerketa bat egin gurako nuke, hori daukat buruan. Gauza galduekin nahikoa obsesiboa naiz. Zuzenean eragiten dit; hutsik dagoen plaza ederra dauka hor Bermeok eta utzita dago. Gainera, antzoki horretatik hogei metrora bizi izan naiz, beti izan dut oso presente. Era berean, leku historiko bat da. Txillardegik hor estreinatzen zituen euskarazko lehenengo antzerkiak.