Bermeoko Udaltzaingoak dispositibo berezia prestatu du Gabonetarako
Uniformedun eta kalez jantzitako udaltzainak egongo dira, eta jendea pilatzen den guneetan patruilak areagatuko dira.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, udaltzaingoak asteon abiarazi du Gabonei begirako dispositibo berria.
Dispositibo berezi horren helburuak honakoak dira: Lapurretak saihestea, indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak bermatzen direla segurtatzea eta herritarrarengandik hurbilago egotea.
Hala, azaldu dutenez, jendea pilatzen den guneetan patruilak areagotuko dira. Era berean, kale komertzialenetan udaltzain gehiago egoteaz gain, elkarte eta merkatarien artean segurtasun aholkuekin prestatutako triptikoak banatuko dituzte.
Kontrol «zorrotzak». Udal arduradunek esan dutenez, udaltzainek “zorrotz” kontrolatuko dute adingabeei eta legezko ordutegitik kanpo alkoholik ez saltzea. Operatiboan gainera, uniformedun eta kalez jantzitako udaltzainek parte hartuko dutela azaldu dute: “Establezimenduak zabalik dauden ordutegietan eta merkataritza guneetako segurtasun pribatuko zerbitzuekin koordinatuta egingo dute lan eta etengabeko harremanetan egongo dira”.
Azkenik, artefaktu piroteknikoen edukiera, erabilera eta salmenta ere begiratuko dute. Horregaz, artifizio piroteknikoak baimenik barik saltzea eta bide publikoan erabiltzea eragotzi gura du udalak, “honek sortutako arriskuak ekiditeko eta elkarbizitza bermatzeko”.
Udaletik gogorarazi dutenez, udalaren helburu estrategikoetako bat da Udaltzaingoaren gertutasuna lantzea. Horretarako, uste dute “ezinbestekoa” dela oinezkoen patruilak indartzea, bai eta arloz-arloko kanpainak egitea ere. “Herritarrarengandik hurbilago egotea ezinbestekoa da udalak zerbitzu hau behar bezala eskaintzeko”, esan dute.