Bermeoko udal liburutegiak umeentzako tailerrak antolatu ditu
Tailerrak 6 urtetik gorako umeei zuzendutakoak dira, eta plazak mugatuak dira. Izena eman gura dutenek liburutegira jo beharko dute.
Oraingoan, gabonetako oporraldira begira antolatu dituzte tailerrok. Hain zuzen ere, hiru tailer antolatu dituzte; abenduaren 28, 29 eta 30erako.
Udal liburutegiak antolatu dituen tailerrak 6 urtetik gorako umeei zuzendutakoak dira, eta plazak mugatuak dira. Taldean hamar ume egon ahalko dira gehienez; plazaren bat libre geratuko balitz, zerrendako hurrengoak hartuko luke lekua. Izena eman gura dutenek liburutegira jo beharko dute.
Abenduaren 28an (astelehena) Sormena boterean! izeneko tailerra eskainiko du Raul de la Cruzek. Hitzjokoetatik abiatuta, mundu pentsaezinetara joateko aukera izango dute parte hartzaileek.
Abenduaren 29ko (martitzena) tailerra, berriz, Maite Arresek eskainiko du: Emozio, istorio eta yoga tailerra. Istorio txikien bitartez, parte hartzaileek emozioak ezagutuko dituzte eta yogaren laguntzarekin horiek lantzen ikasiko dituztela azaldu dute antolatzaileek.
Hirugarrena eta azkena, abenduaren 30ean (eguaztena) izango da; horretan, Lur Usabiaga izango dute gidari. Irudi majikoen puzzlea, sorkuntza garatzeko tailerra eskainiko du Usabiagak. Tailer horren bitartez, haurren irudimena estimulatzea dute helburu, “jolas dibertigarriak egiten dituzten bitartean”.
Hiru egunetako tailerrak 11:00etan hasiko direla azaldu dute.