'Ane' liburua kaleratu du Alaine Agirrek, Txandaka bildumako laugarren alea
'Maren', 'Libe' eta 'Oier' etorri ziren lehenengo. Ale bakoitza independentea den arren, aurrekoetan Aneren zertzeladak zeuden, eta orain ere beste pertsonaiak tarteka agertzen dira.
Gazte nahiz helduek irakurtzeko moduko bilduma bat abiatu zuen Erein argitaletxeagaz Alaine Agirre idazle bermeotarrak 2017. urtean, eta bilduma horren baitako azken liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian: Ane.
Anek institutua amaitu berri du, eta zer egin erabakitzeko ordua heltzen zaio. Gurasoek berarentzat aukeratu duten Ekonomia ikasketetan ez du bere burua ikusten. Beste planik ez dauka, baina gurasoen etxea utzi eta Bilbon hasten du bide berria. Pisu bat partekatzen du Mikel eta Aitziberrekin; bi pertsonaia horiek aurkeztuko ditu oraingoan Anek. Anek eta Mikelek hasieratik konexio handia daukate; “helduagoa izanik, Anek behar duen baretasuna emango dio. Transexuala da”. Agirrek dio transexualitateaz ez duela gai nagusi bat egin gura izan, “zeharka planteatzen den errealitatea baino”. Aitziber, berriz, aplikatua eta saiatua da, Medikuntza ikasten ari da. Aneren kontraispilua izango da.
Era berean, harategi batean lanean hasiko da. Han ikasiko ditu unibertsitatetik kanpo ikasten direnak, “nagusi gogor baten aginduetara prekaritatean lan egiten”. Agirreren arabera, liburuak ez du gai nagusi bat, bilakaera pertsonalaz ari da, “bideaz beraz eta tartean bizitakoaz”.
Aurrekoak. Maren izan zen bildumako lehenengoa, eta, itxuraz maitasun istorio bat kontatu arren, protagonistak bere burua ezagutzeko bidea erakusten du. Libe etorri zen gero; horretan, maitasuna bizitzeko modu desberdinen talka agertzen da. Oier izan zen zen bildumaren hirugarren protagonista. Amak esaten dio urtebeteko bizitza geratzen zaiola, eta horrek kolpetik arrakalatuko du haren bizitza.
Aurreko lan horietan irakurleek Aneren zertzelada batzuk jaso zituzten, eta oraingoan bera da protagonista. Ale bakoitza independentea den arren, irakurle zaharrek tarteka aurreko protagonistak ikusiko dituzte. Agirrek esan du sortu dituen pertsonaia guztiak gaztetasuna atzean utzi eta heldutasunerako bidean daudela: “Galderak egin eta galdera horiei erantzun propioak bilatzen saiatzen dira, nor bere bidea egiten”.