Auzholan elkarteak Burgosko Prozesuari buruzko hitzaldia antolatu du
Domekan izango da hitzaldia Muruetako Ibaigune hotelean. Hitzaldira bertaratu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik.
Busturiko Auzholan elkarteak eta Iratzar Fundazioak Burgosko Prozesuari buruzko hitzaldia antolatu dute, haren 50.urteurrenean. Domekan izango da hitzaldia, 17:30ean hasita, Muruetako Ibaigune hotelean.
Egoerak baldintzatuta, edukiera murriztua izango da, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, 34 lagunentzako lekua baino ez da egongo. Hori dela eta, hitzaldira bertaratu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik. 633 38 75 42 telefono zenbakian edota auzholan@gmail.com helbide elektronikora idatzita izena eman daiteke, eta aipatu dutenez, barikua da horretarako azkenengo eguna. Indarrean dauden neurri guztiak beteko dituzte.
Elisa Kaltzada busturiarrak parte hartuko du domekako hitzaldian. Prozesua bizi izan zuen, interlokutore lanak egiten ibili zen. Kaltzadak, hortaz, bere bizipenak kontatuko ditu. Miguel Castells abokatuak ere parte hartuko du domekako hitzaldian, bai eta ere Iratzar Fundazioko Julen Zabalok.
Auzholan elkarteak azaldu duenez, multimedia bategaz egingo dute sarrera labur bat. Ondoren, hizlariek, bakoitzak bere profiletik azalpen ezberdinak emango dituzte.