Zuen hitza Busturialdeko Hitza
Hamabost urte joan dira Busturialdeko Hitzaren lehenengo zenbakiak argia ikusi zuenetik. Hamabost urte egin ditu Busturialdeko herritar, erakunde, talde eta eragileen berri ematen.
Marijesien erronden berri eman zuen Busturialdeko Hitzak 2005. urteko abenduaren 15ean. Busturialdeko euskarazko egunkariaren lehenengo zenbaki horretatik 15 urte joan dira, eta gaurko egunkariak ere Marijesien berri jaso du.
Hamabost urtetan herritarren, elkarteen, taldeen, eragileen, erakundeen… ahotsa izan da Busturialdeko Hitza. Zuen danon hitza izan da Busturialdeko Hitza. Eta letraz letra, berbaz berba, hamabost urteko historia idatzi du zuokin batera. Paperean, webgunean eta sare sozialetan, eskualdeko 20 herrietan gertatzen dena etxe eta txoko guztietara heltzen da.
Gaur, 15 urtera, zuen etxe, mugikor eta ordenagailuko pantailetara heltzeko konpromiso horri eusten dio Hitza proiektuak. Horretartako, zuekin partekatu gura du urteurren honen harira prestatu duen ikusentzunezkoa, lehengo eta gaurko ahotsak biltzen dituena. Ahots eta herritar askoren bozgorailu izan da Busturialdeko Hitza azken hamabost urteetan, eta proiektuaren bultzatzaile eta protagonista izan direnen ikuspuntu, oroitzapen eta hausnarketak bildu ditu 15 urtez, zuen hitza Busturialdeko Hitza 30 minutuko ikusentzunezkoan.
Gaur iluntzean zabalduko du bideoa, webgunean –busturialdea.hitza.eus– eta sare sozialetan, 20:00ak aldera.
Lehiaketaren saridunak. Hamabost urte, letretatik hitzetatara, herrietatik eskualdera eta erredakziotik etxeerata. Hamabosgarren urteurrenak gehiagorako ere eman du, eta irailean bideo lehiaketa antolatu zuen Busturialdeko Hitzak: Maita dezagun ondo! Irakurle eta harpidedunengana heltzea izan da amoa, urteurrena elkarrekin ospatu asmoz. Bideo lehiaketan hiru lan saritu ditu Hitzak, eta Gernika-Lumoko Seber Altubeko bertso ikasleen Bihotzetik ahora bideoak jaso du lehenengo saria. Geoparkeafren eskutik, irteera geologikoa irabazi dute bideoaren egileek.
Bermeoko Eider Gotxiren Gure bazterrak bideoak bigarren saria hartu du, eta Iñurrigorria eta Luma liburudendetan gastatzeko bonoak hartu ditu sari. Hirugarren saria Mari Jose Lopez bermeotarrake eskuratu du, Maitatu sukaldean lanarekin. Obaba eta Berezi liburudendetan gastatzeko bonoak hartu ditu.
Bideo lehiaketako hiru irabazleak ere Busturialdeko Hitzaren webgunean daude ikusgai, 15. urteurrenaren atal berezian.