Bermeoko EH Bilduk EAJren "elkarlanerako borondate falta" salatu du
Koalizioak azaldu duenez, udal gobernuaren helburua da udalak GOUP bere gain hartzea; "gutxika-gutxika zerbitzua pribatizatzeko asmoa dutela susmatzen dugu".
EH Bilduko Bermeoko udal taldekoek udaleko urte eta erdiko lanaren hausnarketa egin eta prentsaurrekoa eskaini zuten zapatuan. Bertan “herriaren alde elkarrekin lan egiteko Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) borondate falta” salatu zuten.
Alde batetik, udal gaiei buruzko “informazio gutxi eta berandu” jasotzen dutela diote EH Bilduko zinegotziek, eta bestetik, alderdi subiranistaren ekimen gehienak “baztertzen” dituztelako kexu dira; “COVID-19ak sortutako pandemia egoerari aurre egitekoak barne”.
Diotenez, EH Bilduko zinegotziak agintaldi hasieratik “arduraz eta erantzukizunez” jokatzen ari dira Bermeo eta bermeotarron alde lan egiten: “Elkarlanerako prest agertu gara behin eta berriz, eta hainbat dira aurkeztutako proposamenak helburu hori lortzeko. EAJ bere gehiengoaz baliatzen da behin eta berriz oposizioaren informazio eskubidea murrizteko eta herriarentzako onak diren gure proposamenek aurrera egin ez dezaten”.
Osoko bilkurak eta informazio batzordeak bi hilean behin egiten dituztenez, gainera, “udal gaiei buruzko informazio eskasa” daukatela diote, eta berandu heltzen zaiela. Hortaz, koalizioko kideen arabera, kontrola egitea “zaila” da. Hala, udal gobernuak erabakiak egun batetik bestera hartzen dituela kritikatu dute, “oposizioari gaiak aztertzeko aukerarik eman barik”.
Ekimen ugari aurkeztu. Gogorarazi dutenez, bermeotarren beharrizanei erantzuteko hainbat ekimen aurkeztu dituzte: Gaztelugatxe babesteko proposamena, futbol zelaia eta bertako eragileekin komunikazioa hobetzeko proposamena, baso politika iraunkorra bermatzeko mozioa, kontsumo arduratsua bultzatzeko, hondakinak eta garbitasunaren kudeaketaren ingurukoa, merkatarien artean euskara sustatzeko, indarkeria matxistaren kontrakoa, aurrekontu sozialagoak lortzeko proposamenak, pentsio duinak aldarrikatzeko, COVID-19aren ondorioz sortutako egoeran haurren eta nerabeen egoera hobetzeko, Osakidetzari lehen mailako arreta egokia eskatzeko… Horiekin guztiekin “adostasunera” heltzea zen asmoa, “herritarrentzako onak diren akordioak» lortu asmoz: “Mozio gehienen aurka bozkatu dute, eta EAJk onartu dituenak ez dira martxan jarri”.
Gaineratu dute EAJk, momentuz, ez duela proiektu berririk aurkeztu: “Euren lan bakarra aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako proiektuak saltzea da: Tonpoiko paisaiaren proiektua; saihesbidearen sarrera, Iparragirreko gunea (iriste erraztasuna, Itsasbegirako pasoa); Zarragoitxiko iriste erraztasuna, frontoiko iriste erraztasuna eta aldagelak, Erreteneko estalitako parkea, Alde zaharreko orube hutsak…”.
Kezka. Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren (GOUP) desagerpenari buruzko kezka ere agertu dute EH Bilduko zinegotziek. Azaldu dutenez, udal gobernuaren helburua da Bermeoko Udalak GOUP bere gain hartzea. “EAJk gobernatzen duen beste erakunde askotan gertatu den modura, operazio horren atzean gutxika- gutxika zerbitzua –udal zaharren egoitza barne– pribatizatzeko asmoa daukatela susmatzen dugu”, ohartarazi dute.
EH Bilduko zinegotzientzako “onartezina” da hori; “gure apustua herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea da, eta gure herriak zaharren egoitza publikoa izaten jarraitzea”.
Horien ustez, argi geratzen da EH Bilduren herriaren ereduak eta EAJrenak “talka” egiten dutela. Hala eta guztiz ere, lanean jarraituko dutela adierazi dute “bermeotarren alde, zerbitzu publikoen alde eta Bermeo herri justuagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa, feministagoa eta erabakietan parte hartzaileagoa izan dadin”.