Gernika Memoriaren Lekukok memoria osoa eraikitzeko lan egingo du
Gasteizen aurkeztu zuten Memoria Osoa izeneko ekimena, memoria integral baten eraikuntzaren beharra azaleratzeko. Justizian eta bizikidetzan oinarrituriko jendarte baten eraikuntzari heldu gura diote.
Memoria Osoa. Hori da helburua. Bizikidetzaren alde egingo duen memoria osoa. Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena Gasteizen, eta horren parte da Gernika Memoriaren Lekuko plataforma. Memoria lantzen duten hainbat elkartek bultzatu dute, eta memoria integral baten eraikuntza beharrezkoa delako egin dute bat, herri honetan iraganean emandako gertaera guztiak ezagutzeko, eta, justizian eta bizikidetzan oinarrituriko jendarte baten eraikuntzari heltzeko.
Euskal Herria memoria duen herria dela azpimarratu dute, eta asko direla Esukal Herriaren zauri irekiak. Indarkeria-adierazpen ugarik eragindako marka horiek ez ahanzteko lan egino dute. “Gure nahia da inork ez dezala inoiz, ez hemen, ez inon, gauza bera jasan. Ezin baititugu ahaztu gure gertuko historian izandako giza eskubideen urraketa guztiak. Horregatik, bizikidetza eraikitzeko erabaki irmoa dugu, inolako bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko memoria, alegia”.
Erronka kolektiboa izango da bultzatuko dutena, bizikidetza ikuspegi integral batean oinarritua, azken hamarkadetako sufrimenduaren mapa osatzen duten errealitateak argazkitik ezabatu gabe. Diotenez, bide hori zailtasunez beteta dago estrategia diskriminatzaileak egon badaudelako. Hala, arriskuak nabarmenak direla diote. Zentzu horretan, Gasteizen egoitza duen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala gaitzetsi dute: “Gure ustez, proiektu hau une honetan sustatu behar dugun bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako bidean doa”. Izan ere, salatu dutenez, kanpoan uzten ditu estatuaren aparatuek eragindako giza eskubideen urraketen milaka biktima.memoria kolektiboari Biktimen errealitatearen zati bat baztertzean “bizikidetzarako arazo bat” sortzen dela kritikatu dute, “Une historiko honetan, Giza Eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eraikitzaileak eta integralak behar ditugulako”.
Gauzak horrela, Euskal Herriko erakundeetako ordezkari guztiei, hezkuntza-komunitateari eta eragile politiko eta sozialei eskatu diete Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren planteamendu baztertzailea ez onartzeko eta memoria osoan oinarritutako dinamikak bultzatzeko, giza eskubideen urraketa guztiak barneratua, bizikidetza bazterketarik barik eraikitzeko.